Politika -

Sare sozialak

Poliziak Guanyar Alacant alderdiko zinegotziaren mezuak ikertuko ditu

Mezu horiek Guanyar Alacant alderdiko Marisol Moreno zinegotziak errege-familiaren, politikoen eta zezenzaleen aurka sare sozialetan agertutakoak dira

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Poliziari eta Guardia Zibilari igorriko dizkio Guanyar Alacant alderdiko Marisol Moreno zinegotziak errege-familiaren, politikoen eta zezenzaleen aurka sare sozialetan agertutako mezuak, "bidezkoak diren ikerketak egin ditzaten, eta, hala badagokio, jardun dezaten".

Horrela egingo duela azaldu du Jorge Fernandez Diazek Cope irratian, Twitterren eta Facebooken plazaratutako era honetako mezuen gainean galdetu diotenean: "ez dut batere gogorik nire zergek hilketetarako, politikoena ez bada, dirurik eman dezatenik" eta "lehergailu bat jaurtiko nizueke nik zuei", zezenzaleei erreferentzia eginez.

Barne Ministerioko buruaren aburuz, Fiskaltzaren eginbeharra da mota horretako mezuak ikertzea, "zein kalifikazio juridiko egotzi behar zaien ikusi behar du, eta, hala iritziz gero, dagozkion legezko ekintzak gauzatu behar ditu".

Horrez gain, hauxe gaineratu du: "Kasu askotan Fiskaltza eta epaileak esku hartu eta kondenak gertatzen ari dira".

Fernandezen iritziz, sare sozialak ezin daitezke inpunitate guneak izan; hortaz, ohorerako eta ez makurrarazteko eskubideak, ohiko espazioan aplikatzen direnak, Interneten ere aplikatu behar dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sare sozialak albisteak