Politika -

Nafarroako Gobernua

Nafarroako kontseilari berriek gaur hartuko dute kargua

Bederatzi departamendu izango ditu exekutibo berriak, bost gizonezkok eta lau emakumezkok zuzenduta. Kargua hartu ondoren, gaur bertan egingo dute lehen bilera.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkosek presidente kargua hartu eta biharamunean, Nafarroako Gobernu berriaren bederatzi departamenduak zuzenduko dituzten kontseilariek gaur hartuko dute kargua, Foru Gobernuaren egoitza nagusian, 12:00etan, egingo den ekitaldian.

Barkosek atzo izenpetutako foru dekretuan jasota geratu zen Foru Administrazio berriak izango duen egitura: kontseilaritzak bakoitzak hartuko dituen alorrak eta kontseilarien izen-abizenak dekretu bidez jasota geratu ziren.

Orotara,  hamabi dekretu sinatu zituen presidente berriak: bat, Gobernuaren egitura berria ezartzeko; bederatzi, kontseilariak zeintzuk izango diren jasotzeko eta, hiru; bi presidenteordeak eta bozeramailea izendatzeko. Gaurtik aurrera, izendapen horiek guztiak indarrean sartuko dira, Nafarroako Buletin Ofizialen publikatu ondoren.

Bost gizon eta lau emakume

Manu Ayerdi, Ekonomia presidenteorde izateaz gain, Industria, Berrikuntza eta Garapen; Lan-harreman, Merkataritza, Turismo eta Sustapen kontseilari izango da; Mikel Aranburuk hartuko du, hala ere, Ekonomia eta Ogasun kontseilaritza.

Miguel Laparra NUPeko irakaslearen esku geratuko da Presidenteordetza Soziala, eta Gizarte Politikako, Enpleguko eta Etxebizitzako kontseilari ere izango da.

Maria Jose Beaumont Presidentzia kontseilari izango da, eta berea izango da Funtzio Publikoaren, Segurtasunaren, Justiziaren, Larrialdi Agentziaren eta Gobernu Ireki eta Gardenaren ardura.

Gobernuaren bozeramailea Ana Ollo izango da, eta kontseilari kargua izango du Hizkuntza Politikan, Berdintasunean, Bake eta Elkarbizitzan eta Estrategia Bulegoan.

Isabel Elizalde izendatuko dute Nekazaritza Garapenerako kontseilari, eta Udal Administrazioaren, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren kudeaketa ere hartuko du beregain. Ana Herrera, berriz, Kultura kontseilari izango da, eta Parte-hartzea, Kirola eta Gazteria ere bere esku izango ditu.

Bestalde, Fernando Dominguez eta Jose Luis Mendoza izango dira Osasun eta Hezkuntza kontseilari, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Uxue Barkos albisteak