Politika -

Heriotza

Marcelo Usabiaga militante komunista historikoa zendu da

Euskadiko Alderdi Komunistak eta Ezker Anitzak Usabiagaren heriotza deitoratu dute. 99 urte zituela hil da Donostian. Usabiagak 20 urte eman zituen espetxean, diktaduran.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Alderdi Komunistak eta Ezker Anitzak Marcelo Usabiaga militante komunista historikoaren heriotza deitoratu dute. 99 urte zituela hil da Donostian.

Marcelo Usabiaga “nekaezinaren” familia, lagun eta adiskideei dolumina adierazi diete bi alderdiek agiri batean. “Gizon zintzoa zen eta azken egunera arte bere ideiak irmo defendatu ditu”, azaldu dute.

Usabiagak bere ibilbide politikoari hasiera Alderdi Komunistan eman zion 1933an, 17 urte zituela. II. Errepublikaren defendatzailea izan zen eta Gerra Zibileko aurreneko borrokaldietan parte hartu zuen. Bernardo bere anaia frankistek fusilatu zuten, eta gudaren azken egunetan Valentzian atxilotu zuten.

20 urte, espetxean

Usabiagak 20 urte eman zituen diktadurako espetxeetan. Kartzelatik ihes egitea lortu zuen, klandestinitatean militantziarekin jarraitzeko. Gerrillariei lagundu zien berriz atxilotu zuten arte.

“Hil arte uste sendoak mantendu ditu. Donostiako Ospitalean hil baino ordu batzuk lehenago, Miguel semeari bere bizitzako pasadizoak gogorarazi dizkio. Marcelo Usabiaga bezalako pertsonen eredua eta adibidea iraun eta hurrengo belaunaldiei igorri behar zaie”, erantsi dute.

Gorpua larunbatean erraustuko dute familiartean eta lagunartean. Frankismoko Biktimen Oroitarrian omenaldia egingo dio PCEk 14:00etan, Donostian. Alderdi Komunistak eta Ezker Anitzak agur-ekitaldi bat egingo diote datozen asteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia