Politika -

Euskal diasporaren jaia

Urkulluk 2015eko Boiseko Jaialdian parte hartuko du

Lehendakariarekin batera bertan izango dira Cristina Uriarte sailburua eta Eusko Jaurlaritzako beste zenbait ordezkari. Halaber, Boisen izango da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere.

Boiseko Euskal Etxea. Argazkia: EiTB
Boiseko Euskal Etxea. Argazkia: EiTB
Boiseko Euskal Etxea. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria AEBra abiatuko da gaur, Boisen (Idaho) uztailaren 29tik abuztuaren 2ra egingo den Jaialdian, euskal diasporaren jaian, parte hartzeko.

Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatzen duten kultur ekitaldia da Jaialdia eta, horri esker, Boise euskal diasporaren hiriburu bihurtzen da hainbat egunez.

Lehendakariarekin batera Boisen izango dira Cristina Uriarte Kultura eta Unibertsitate sailburua, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo kanpoko euskal komunitatearen zuzendaria.

Urkullu abuztuaren 2ra bitartean izango da Idahon eta AEBra egindako bidaia baliatuko du Butch Otter Idahoko gobernadorearekin, David Bieter Boiseko alkatearekin eta AEBko hogei bat enpresabururekin elkartzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Boiseko Estatu Unibertsitatearekin.

Halaber, lehendakariak Basque Block delakoa ere bisitatuko du, hots, Euzkaldunak euskal etxea, Euskal Museoa eta Anduiza frontoia dauden kalea. Gainera, Boiseko ikastolara eta Morris Hilleko hilerrira ere joango da eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen erakundearen urteroko batzarrean parte hartuko du.

Lehendakariak Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera egiten duen hirugarren bidaia instituzionala da. "Euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana indartzea eta Basque Country estrategia atzerrian proiektatzea" dira bidaia horren helburuak.

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Boisen izango da Foru Aldundiaren ordezkaritza batekin batera, eta bertako kultura, ekonomia eta politika alorreko erakundeetako kideekin elkartuko da.

Bizkaiak ekonomia eta kultura alorrean eskaintzen dituen aukerak saldu eta enpresei eta erakundeei hiri horretan kokatzea errazteko komunikazio bideak ezarri nahi ditu Foru erakundeak.

Jaialdia

Boiseko Jaialdia euskal kulturaren jai handienetako bat da. 1987an antolatu zuten lehen aldiz, euskal kulturaren publikoari bideratutako asteburuko jai modura.

Gaur egun, bost urtean behin antolatzen dute Jaialdia uztaileko azken asteburuan, Loiolako Inazio Deunaren egunarekin bat eginez.

Aurteko ekitaldia uztailaren 28tik abuztuaren 2ra egingo dute. Jaialdian musika kontzertuez, dantza emanaldiez, herri kirola jaialdiez, pilotaz, hitzaldiez eta euskaldunen historiari buruzko erakusketez gozatzeko aukera izango da.

Ildo horretan, Kepa Junkerak kontzertua eskainiko du asteazken goizaldean Bilboko Iberdrola dorrearen teilatutik. Kontzertua streaming bidez jarraitu ahal izango da eta Jaialdiari hasiera emateko balioko du.

Kontzertua ordenagailu, tablet, smartphone edota smartTV gailuetan jarraitu ahal izango da Jaialdiaren webgunearen eta eitb.eus-en bitartez. Bestalde, Boisen daudenek Basque Block kalean kokaturiko pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango dute Kepa Junkeraren kontzertua.

Erraldoiak, buruhandiak eta ipotxak Boiseko kaleetan izango dira aurten lehen aldiz Jaialdiaren harira. Erraldoi horiek Donostiatik joango dira, Irrintzi Erraldoien Konpartsaren eskutik, Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxeak gonbidatuta. Igandean abiatu ziren Boisera 14 konpartsakideak ilusioz gainezka daude, besteak beste, bi urte daramatzatelako bidaia prestatzen. Irrintzi Konpartsako lagunek Euskal Herriaren zati handi bat eraman nahi diote Boisen bizi den euskal diasporari.

Egitarau zabala antolatu dute aurtengoan ere. Musika, dantza, herri kirolak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Musikari dagokionez, han izango dira Luhartz erromeria taldea edo Aittitta Makurra txaranga. Bertsolariak ere izango dira. Dantzak ere, bere lekua izango du jaialdian. Euskal Herritik joandako Ortzadar dantza taldeak ez ezik, Boiseko Oinkari taldeak, Homedaleko Herribatza dantzariak edo Chinoko Gauden Bat Gure Ametsa dantzari taldeak emanaldiak eskainiko dituzte. Herri kirol jaialdia ere izango da; hala, txinga, zaku-eramatea, aizkora, harri-jasotzea, ingudea eta beste hainbat modalitate ikusteko aukera izango da Euskal Herritik joandako Idoia Etxeberria, Joseba Ostolaza, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertzaren eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Ameriketako Estatu Batuak Jaialdi Boise