Politika -
Irailean hasiko da postuan
Zapaterok Estatu Kontseilua utzi du, GKE alemaniar baten burua izateko
Hain zuzen ere, Diplomazia Kulturalaren Institutuaren (ICD) presidentea izango da agintari ohia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak Estatu Kontseilua "aldi baterako" utziko du, bakea sustatzen duen GKE alemaniar baten batzorde aholkulariko presidentea izateko, agintari ohiak berak agiri batean jakinarazi duenez.
Zapatero irailaren 1ean hasiko da lanpostu berrian. Ordaindua izango da, eta, hasiera batean, bi urterako izango da.
Hain zuzen ere, Diplomazia Kulturalaren Institutuaren (ICD) presidentea izango da agintari ohia. Berlinen du egoitza, eta "kulturen arteko harremanak sustatuz bakea eta elkar-ulertzea sustatzea" du helburu.
Besteak beste, nazioarteko konferentziak eta topaketa akademikoak egitea dira GKE horren zereginak.
Zapatero Estatu Kontseiluan zegoen gobernuburu ohi bakarra zen. Izan ere, Felipe Gonzalezek ez zuen inoiz eskatu kide izatea, eta Jose Maria Aznarrek utzi egin zuen, sektore pribatura pasatzeko.