Politika -
Aste Nagusiko lehen egunean
Manifestazioa egingo dute Donostian, herriko tabernen auziaren aurka
Donostiar herritar talde batek manifestazio bat deitu du abuztuaren 8rako Herriko Tabernen auzian zigortutakoei babesa adierazteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiar herritar talde batek manifestazio bat deitu du abuztuaren 8rako Herriko Tabernen auzian zigortutakoei babesa adierazteko eta “eskubide zibil eta politikoak” aldarrikatzeko. Donostiako Aste Nagusiko lehen egunean egingo dute aipatu manifestazioa.
Donostian agerraldia egin dute gaur manifestazio horretako bultzatzaileek. Leloa “Kulturari eta politikari aterik ez itxi, Herriko Tabernak libre eta zabalik’ izango dela adierazi dute. Agerraldian EH Bilduko zenbait zinegotzi eta auzi horretan zigortutako pertsona batzuk izan dira, tartean Joseba Alvarez eta Agus Rodriguez.
Azken horrek gogoratu duenez, herriko tabernen aurkako auzia 2002an hasi zen, “pertsona batzuen atxiloketekin” . “Oraindik, baina, ez da epaiketa amaitu”, salatu du Rodriguezek.
Orain egun gutxi, Auzitegi Gorenak bere egunean Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berretsi duela gogoratu du Rodriguezek. “Horrek 20 militanteei zigorrak, inhabilitazioak eta isunak berretsi besterik ez du egiten”.
Horrez gain, “oso larritzat” jo du Euskal Herriko 107 tabernen “lapurreta”, “Frankoren garaitik egin den handiena”. “Jardun politikoa egiteagatik epaituak izan gara”, erantsi du.