Politika -
DOnostian
Herriko tabernen auzian zigortutakoek desobedientzia aldarrikatu dute
'Kulturari eta politikari aterik ez itxi' lelopean, martxak hiriburu gipuzkoarra zeharkatu du kalez kale. Joseba Alvarezen esanetan, "demokrazia jokoan da" eta errepresioa salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Joseba Alvarez 35/2 sumarioaren -herriko tabernen auziaz ezagutua- ebazpenean zigortutako batek "desobedientzia zibilaren" eta herri "erresistentziaren" alde egin du, etorkizun berri bat eraikitzeko.
Ehunka pertsona manifestatu dira Donostian 35/02 auziaren ebazpenaren aurka (107 herrikori eragiten die), Donostiako Aste Nagusiaren lehen egunean.
Manifestazioa 17:30ean hasi da Gipuzkoako plazan, 'Kulturari eta politikari aterik ez itxi' lelopean; besteak beste, Joseba Alvarezek eta Amaia Almirall EH Bilduk Donostiako Udalean duen ordezkarietako batek eskuan zeramatzaten pankarta batean irakur zitekeen.
Martxan, 'Epaiketarik ez' eta 'Herrikoak libre' oihukatu dute eta, halaber, zapi eta puxika laranjak eraman dituzte uneoro, hori baita Libre plataformaren -antolatzailea- kolorea.
Manifestarien artean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia eta Joseba Permach Sortuko bozeramale eta zigortuetako bat izan dira, besteak beste.
Manifestazioa hiriko erdigunetik igaro da Zuloaga plazaraino eta, bitartean, kontzertuak eta bertsoak egon dira.
Azkenik, "kulturaren eta politikaren ateak ez ixteko" deia egin du Alvarezek. Gainera, ohartarazi duenez, "demokrazia jokoan da". Era berean, "errepresioa", "mozal legea eta zigor kode berria" salatu ditu; "ez dute borroka politikoa irabaziko".
Horren ildotik, herriaren erresistentzia eta desobedientzia zibila aldarrikatu du, gatazka demokratikoarekin batera, etorkizuneko "erronkei" aurre egiteko eta "datozen" auzien aurrean lan egiteko.