Politika -
Ekitaldia
Casanovaren omenaldira joan ez izana aurpegiratu dio UPNk Barkosi
Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak ere hartu du parte ekitaldian; bertan egondako batzuek euren arbuioa erakutsi diote.
Agentziak | Erredakzioa
Berriozarreko (Nafarroa) herritarrek, familiakoek eta politika-ordezkariek omenaldia egin diote igandean Francisco Casanova militarrari; izan ere, hamabost urte bete dira ETAk 2000.ean hil zuenetik.
Ekitaldian izan dira Rosalia Saiz Aja Casanovaren alarguna, Javier eta Laura seme-alabak, Berriozarreko hainbat herritar, politika eta polizia ordezkariak eta Armadako ordezkariak. Terrorismoak eragindako beste biktima batzuk ere, Maite Pagazaurtundua kasu, bertan egon dira.
Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariak, PPko Pablo Zalbak eta Cristina Sanzek, Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak eta UPNko Oscar Arizcurenek, Javier Esparzak edo Miguel Sanz presidente ohiak hartu dute parte omenaldian.
Francisco Casanova 2000ko abuztuaren 9an hil zuten, arratsaldeko hirurak aldera. Lau aldiz tirokatu zuen buruan ondo-ondotik ETAko kide batek, etxean autoa aparkatzerakoan. Militarrak 46 urte zituen, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen.
"ETAk hor jarraitzen du, ez da deuseztatzen"
Lore-eskaintza egin baino lehen, Vecinos de Paz de Berriozarreko Maribel Valsek ohartarazi du ETAk "hor jarraitzen duela, ez dela deuseztatzen, ez dituztela armak ematen. Eta Nanclares bideaz baliatzen direnak ez dira damutzen, ez diote justiziari laguntzarik ematen, ez diete biktimei barkamena eskatzen eta hautatzeko amnesia pairatzen dute".
Valsek salatu du "erakundeetan kartzelan egondako etarrak daudela, damutzen ez direnak, ETAri deuseztatzea eskatzen ez diotenak, haren ekintzak errefusatzen ez dutenak; haiengan konfiantza izan dezakegu, jarrera horrekin?", galdetu dio bere buruari. Haren ustez, Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaria izatea "zentzugabekeria" da.
Valsen iritziz, gaur egun, "Espainiako duela gutxiko memoria ezabatu nahi dute"; dena den, nabarmendu du "ez dugula ahaztuko, nahiz eta hori nahi izaten duten".
Ainhoa Aznarezentzako txistu batzuk
Francisco Casanovaren omenezko ekitaldian Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere izan da. Bertan egondako batzuek euren arbuioa erakutsi diote, zenbait txisturekin.
Aznarezek azaldu du "minean laguntzeko asmoarekin" joan dela ekitaldira, erakusteko Parlamentua familien ondoan daudela. Azkenik, eskatu dio ETAri "behingoz" armak uztea.
UPNren galdera
UPNk galdetu dio Uxue Barkos Nafarroako presidenteari zergatik Nafarroako Gobernuko inor ez den izan Berriozarren omenaldian.
Prentsa-ohar batean, UPN kritiko azaldu da; izan ere, lehen aldiz ez du Gobernuko inork parte hartu omenaldian, familiari babesa emateko, eta hori, UPNren iritziz, "ulertezina da eta ez du justifikaziorik", eta "terrorismoaren biktimeni huts egitea da". Horren ildotik, UPNk galdetu du ea egungo Gobernuak horrela tratatuko dituen ETAk hildakoak, eta ea hori den Bilduri ordainduko beharreko bidesaria, koalizioak "Barkosi emandako babesaren truke".