Politika -
Hauteskunde Orokorrak
Geroa Baik hautagaitza propioa aurkeztuko du
Koalizioak 'Hautagaitza bateratua' baztertzea erabaki du, eta irailean Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratzeko prozesua irekiko duela iragarri du.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko hauteskunde orokorretan hautagaitza propioa aurkeztuko duela iragarri du Geroa Bai koalizioak. Horrenbestez, 'hautagaitza bateratua' baztertzea erabaki dute. Komunikatu baten bitartez jakinarazi du erabakia Geroa Baik.
Irailean ekingo dio Geroa Bai koalizioak Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratzeko prozesuari. "Hautagaitza bateratuaren proposamena aztertu, ezagutu eta baloratu ondoren hartu dugu erabakia", adierazi du Geroa Baik komunikatu batean.
"Hautagaitza bateratuak proposatzen duena ez dator gure helburuekin bat", gaineratu du koalizioak. Ondorioz, irailaren 1ean afiliatuen erroldak ixten dituztenean, Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratzeko prozesua irekiko dute. Hamar eguneko epea izango dute hautagaiek zerrendaburu izateko hautagaitzak aurkezteko.
Irailaren 11tik aurrera, hautagaiek beharrezko baldintzak betetzen dituzten baieztatuko dute, aukeraketan parte hartuko duten hautagaien izenak konfirmatuko dituzte. Ondoren, Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratzeko barne hauteskundeen data eta ordutegia finkatuko dute.