Politika -
Berriz lanean
Urkullu eta Barkos datozen asteotan batzartuko dira estreinakoz
Astelehen honetan itzuli da lehendakaria bere bulegora, eta hilaren 28an egingo dute lehen gobernu bilera. Urrian, berriz, Alemaniara egingo du bidaia Urkulluk.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea batzarra adosten ari dira, datozen asteotan bi agintarien arteko lehen bilera egiteko.
Lehendakaria bulegora itzuli da astelehen honetan, oporren ostean, eta, Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Nafarroako presidente berriarekin batzarra adostea da horren lehen eginkizunetako bat. Kargua hartu zuenean, Barkosek Urkulluren deia jaso zuen, zoriontzeko eta batzarra eskatzeko. Litekeena da datozen asteotan izatea hitzordu hori.
Lehen gobernu bilera, hilaren 28an
Lehendakaria lanera itzuli den arren, ez du agerraldi publikorik aurreikusita hilaren 28ra arte; egun horretan, lehen gobernu bilera egingo du Exekutiboak, Donostiako Miramar Jauregian.
Alemaniara bidaia
Bestalde, urrian Alemaniara bidaiatzeko asmoa du lehendakariak, Daymler AG (Maybach, Mercedes-Benz eta Smart dira horren marka nagusiak) konpainiaren egoitza nagusia bisitatzeko. Mercedes-Benz etxeak Gasteizen duen lantegia Euskadiko enpresa handienetako bat da.
Autogobernua, ekonomia eta enplegua
Hilaren 28an abiatuko dutena legegintzaldiaren azken urtea izango da, eta, hilabete hauetan, ekonomiaren susperraldia, enplegua eta elkarbizitza sustatzeko lanak izango dira erdigunea, Jaurlaritzaren iturriek adierazi dutenez.