Politika -

Bilbo

Desobedientziaren alde egin dute ANk kondenatutako bi gaztek

Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diete Aitor Fernandezi eta Aingeru Cardeñori, orain 12 urte Bilbon edukiontziak erretzeagatik. Espetxeratze aginduak apurtu dituzte asteazken honetan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Fernandez eta Aingeru Cardeño gazteek desobedientziaren alde egin dute, eta jendaurrean apurtu dituzte Auzitegi Nazionalak igorritako espetxeratze aginduak. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diete bi gazteei, orain 12 urte Bilbon edukiontziak erretzeagatik.

Asteazken honetan Bizkaiko hiriburuan eskainitako prentsaurrekoan esandakoaren arabera, ''Euskal Herrian ez da eten mendeku politikoa, eta, gaur egun, Ertzaintzak indarrezko metodo zikin eta ilunak erabiltzen jarraitzen du, euskal gazte konprometituak Espainiar Estatuko kartzeletara eramateko''.

Beraien hitzetan, Auzitegi Nazionalak igorritako aginduak "ez ditugu onartzen", eta ''desobedientziaren bidearen aldeko apustua'' egin dute.

Bi gazteen aburuz, auzitegi horrek ''ez du legitimitaterik euskal herritarrak epaitzeko'', eta ''horren justizian'' ez dutela sinesten gaineratu dute.

Atxiloketa eta zigorra

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, 2003ko ekainaren 17an sei gazte atxilotu zituzten, eta lau egunez egon ziren ''Arkautin inkomunikatuta, Terrorismoaren Aurkako Legea aplikatuta''. Orain hilabete batzuk berriz epaitu dituzte orduko gertaerengatik, eta ''2003ko atxiloketetan egindako adierazpenak oinarri hartuta'', gaur adierazi dutenez.

Edozein unetan atxilotu eta espetxeratuko dituztela gaineratu dute.

''Agertoki eta aro berri batean omen gaude, baina oraindik jomugan jarraitzen dugu orain 12 urte geundenok'', gaineratu dute.

Torturak

Horrez gain, beraiek atxilotu baino hilabete batzuk lehenago Ertzaintzak atxilotu eta inkomunikatuta izan zituen hainbat gaztek torturak salatu zituztela nabarmendu dute.

Horren aurrean, eta ''gizartearen aurrean aurpegia zuritu nahian, inkomunikazioaren erregimena ezerezetik atera zuten, Arkautin torturatzen jarraitzen zuten bitartean'', prentsaurrekoan esan dutenez.

Horren harian, tortura egon dela ea noiz onartuko duen galdetu diote EAJri, eta ea noiz egingo duen autokritika.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilboko albisteak