Politika -

Elkarrizketa

Aburto: "Tabernen moratoria alde zaharrerako ari gara aztertzen"

Erabakia irailean hartuko dutela esan du Bilboko alkateak Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ irratsaioan.

Aburto: 'Irailaren 4ko ekimenak ez ditu biktimak parekatzen'

02:17

G.U.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto Bilboko alkateari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Aste Nagusian murgilduta dago agintari jeltzalea, eta jaiak "oso intentsoak" izaten ari direla aitortu du. Tabernen moratoriaren auziaz galdetuta, Bilboko alde zaharrean Iruñean hartu duten erabakiari jarraituko ote dioten irailean erabakiko dutela esan du. Udala batzarrak egiten ari da hainbat eragilerekin, tartean, ostalariekin eta auzokideekin, eta irailean emango diote erantzuna gai horri.

Zezenketei buruzko eztabaidari dagokionez, "lasaitasunez" egin beharrekoa dela nabarmendu du. "Bilbon zezenketak egongo dira bilbotarrek nahi badute"; izan ere, horren ustez, alkateari ez dagokio erabaki hori hartzea, eta, izatekotan, Legebiltzarrak emandako lege bidez etorri beharko luke debekuak. Alabaina, zezen-plazak hirian duen eragin ekonomikoa oso ona dela esan du.

Bestalde, lehendakariak biktimen gaiari lotuta alkateekin egingo duen bilera oso garrantzitsutzat jo du. Auzi horrek "batzeko puntu bat" izan behar du, Aburtoren iritzian, eta "eragile eta alderdi guztiek ados jarri behar dute horretan". Horren aburuz, "ez dago biktimak parekatzerik, desberdinak direlako, baina horrek ez du esan nahi guztiek ez dutenik babesa merezi". Bilboko alkatearen esanetan, "biolentzia guztiak etikoki berdinak dira, baina eragin desberdina izan dute; elkarbizitzatik lortu behar da adostasuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak EAJ