Politika -

Auzitegi Nazionala

Berriozarko jaietako hiru ekitaldi zelatatzeko agindu du ANk

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak baieztatu du ez dutela terrorismoaren goraipamenik atzeman herri nafarreko jaietan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak Berriozarko jaietako hiru ekitaldi zelatatzeko agindu die Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, "terrorismoa goratu" daitekeelakoan.

Guardia Zibilak eta Fiskaltzak Berriozarko festetako hiru ekitaldi debekatzeko -brindisa, jai-giroko manifestazioa eta elkartasun afaria- egindako salaketa atzera bota du Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina horiek zelatatzeko eskatu die Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Nafarroako Foruzaingoari.

Fiskaltzak aurkeztutako salaketaren arabera, terrorismoa goratzeko delituak egon daitezke hiru ekitalditan: brindisa, jai-giroko manifestazioa eta elkartasun afaria.

Hala ere, epaileak ez du uste a priori, eta Auzitegi Goreneko doktrinaren arabera, deliturik dagoenik.

"Ekitaldietan ezin dira inola ere elementu terroristak aitortu edo omendu, ezta modu estalian ere, presoen euskal herriratzea edota presoen elkartzea eskatzen duten aldarrikapenez harago", adierazi du epaileak.

Hala ere, terrorismoa goratuko balitz, horien egileak identifikatzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Bestalde, Berriozarko jaietan terrorismoa goratuko balitz, erantzukizun penala izan dezakeela ohartarazi du Juan Pablo Gonzalez epaileak Berriozarko alkateari.

"Ez da deliturik egon"

Carmen Alba Gobernu espainiarrak Nafarroan duen ordezkariak baieztatu egin du ez dutela terrorismoa goraipatzearekin zerikusia duen deliturik atzeman Berriozarko jaietan, epaileak zelatan egitea agindu eta gero.

Hala konfirmatu du Albak droga-trafikoaren aurkako operazioa dela eta egindako  prentsaurrekoan. Kazetariek galdetu egin diote Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak hiru ekitaldi zelatatzea eskatu eta Raul Maiza (EH Bildu) alkateari horren erantzule egin eta gero.

"Atzo ez zuten ezer atzeman", azpimarratu du Albak. Gainera, baieztatu du Gurdia Zibila zelatari egoteko agindua bere osotasunean bete dutela, "ez da lehenengo aldia egiten duela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Nafarroa Berriozar