Politika -

POLIZIA OPERAZIOA

Alberto Plazaola atxilotu dute Ziburun

Atxiloketa Espainiaren 'mendeku ekintza bidegabea' dela salatu du Etxeratek. Barrenaren arabera, atxiloketa "bidegabea" da eta "errotik okerra" zen epai batean oinarritu dute

Alberto Plazaola, iazko abenduan.
Alberto Plazaola, iazko abenduan.
Alberto Plazaola atxilotu dute Ziburun

0:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Plazaola atxilotu du Frantziako Poliziak, gaur goizean, Ziburun. Iazko abendutik aske zegoen, Frantziako espetxealdia aintzat hartuta.

Santi Arrospiderekin batera kaleratu zuten abenduaren 4an, 24 urte kartzelan egin ostean, baina martxoan Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen aske uzteko erabakia, eta biak espetxeratzeko agindu zuen, Frantzian preso egindako urteak ez zizkiotela kontuan hartuko argudiatuta.

Arrospide eta Plazaola ETAko presoak aske utzi izanaren aurkako helegitea jarri zuen fiskalak, eta helegite hori ontzat eman zuen Gorenak martxoan; beraz, baliogabe utzi zuen Auzitegi Nazionalak bi presoak kaleratzeko emandako agindua. Horrenbestez, Plazaola berriro espetxeratzeko agindua eman zuen. Arrospide kartzelan dago jada, beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero.

Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Frantziako eta Espainiako polizien "elkarlanaren ondorio" izan da gaurko atxiloketa.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren arabera, "terrorismoaren aurkako borrokaren emaitza" da Ziburuko atxiloketa. "Onean desegiten ez bada, txarrean desegin dadila", esan du ministroak talde armatuari buruz.

"Bidegabea

Pernando Barrena Sortuko bozeramaleak ziurtatu duenez, Plazaolaren atxiloketa "bidegabea" da eta "errotik okerra" zen epai batean oinarritu dute. Gainera, "molde berriko doktrina berri batetik abiatu dira, erabat arbitrarioa, eta Gobernu espainiarrak belarrira emandakoa".

Barrenak prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak, Donostian egindako agerraldi batean, Plazaolaren atxiloketa salatzeko.

Barrenak, halaber, penagarritzat jo du "delitu beragatik zigorra bi bider zenbatzea Estatu espainiarrean eta frantziarrean".

"Ez dakigu nola jarraituko duen egoera horrek. Edonola ere, litekeena da estradizio prozesua abiatzea", esan du. Gainera, Barrenaren "Alberto Plazaolaren aldeko ebazpena" eskatu du, egindako "bidegabekeria bertan behera utzi ahal izateko".

"Mendeku ekintza bidegabea"

Etxerat presoen senideen elkarteak gaitzetsi egin du Plazaolaren atxiloketa. Ohar baten bidez adierazi duenez, "lotsagarria eta kriminala da oihartzun mediatikoa lortzeko xede garbiarekin burutu den atxilotze berri hau".

Horrelako "mendekuzko ekintza bidegabe hauekin", Etxeraten ustez, Espainiako Botere Judiziala "leku txar eta lotsagarrian geratzen ari da nazioartean".

"Auzitegi Gorenaren azken trikimailu juridiko honek -Frantiako Estatuko espetxeetan egindako urteak ez zenbatzea- haien kondena betetako gure adiskide eta senideak burdinen artean bizitzera zigortu nahi ditu, aurrekoan aipatu genuen legez, kolektibo, komunikabide eta sektore batzuentzako garaikur gisa salduta. Guri eta gure senideei etorkizuna marraztea galarazi eta etsipenean hondoratu nahi gaituen jazarpen politika honen amaiera exijitzen dugu", esan du Etxeratek.

Hala, Etxeratek berak eta Bagoaz kolektiboak elkarretaratzea deitu dute 19:00etarako Ziburun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak