Politika -
Nafarroa
Geroa Baik uko egin dio Iruñerriko Mankomunitaterako hautagaitzari
Gomezek aurreratu du abstenitu egingo dela asteazkeneko batzarrean, baina argi adierazi du ez duela "gehiengo aurrerakoitik kanpo" dagoen alderdi baten esku geratzen utziko.
agentziak | erredakzioa
Geroa Baik erabaki du ez duela hautagairik aurkeztuko Iruñerriko Mankomunitatearen Presidentetzarako, eta, hala, ez da EH Bildu gobernukidearekin lehian arituko.
Itziar Gomez zen orain arte Geroa Bairen presidentegaia, baina gaur goizean iragarri du uko egiten diola kargurako hautagai izateari, nahi zuten "adostasun maila galdu" egingo luketelako independenteek hautagaitza aurkeztuz gero.
Gomezek jakinarazi duenez, asteazkeneko batzarrean abstenitu egingo da, baina argi adierazi du ez duela "gehiengo aurrerakoitik kanpo" dagoen alderdi baten esku geratzen utziko.
Aritz Ayesa EH Bilduren zinegotziak aurkeztu du hautagaitza, ordezkaritza zabalena duen koalizioko kide izaki.
Gomezen hitzetan, bere helburua "adostasun maila handia" lortzea izan da, "erronka garrantzitsuei" aurre egiteko, eta horregatik da "ezinbestekoa" adostasun horretan independenteak sartzea.
Hala eta guztiz ere, larunbatean independenteek esan zuten hautagaitza propioa aurkeztekotan zirela, eta, ondorioz, Gomezek ez luke nahikoa babes izango.
Gomez harrituta agertu da independenteen erabakiarekin, batetik, batzarrerako egun gutxi falta direnean hartu dutelako, eta, bestetik, "independenteek sekula ez" dutelako hautagaitzarik aurkeztu, "ezta egungoa baino ordezkaritza zabalagoa izan dutenean ere".
Abstentzioa
Batzarrean emango duen botoari dagokionez, abstentzioa iragarri du, entzundako planteamenduak errealitatetik urrun ikusten dituelako, eta nahikoa arreta jarri ez dutelako "erabaki azkarrak eskatzen dituzten zerbitzuen kudeaketan".
"Ez dugu programa sendo, serio eta zuhurrik ikusi, eta horregatik abstenituko gara", adierazi du Gomezek.