Politika -
Auzitegi Nazionala
EH Bilduko bi zinegotzi inputatu dituzte terrorismoa goratzea egotzita
Halaber, beste bi lagun ere inputatu dituzte, guztiak ere Irunberrikoak. Lau inputatuek ukatu egin dute deliturik egin izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak Irunberriko lau bizilagun inputatu ditu, tartean EH Bilduko Irunberriko bi zinegotzi, herriko jaietako hainbat ekitalditan terrorismoa goratzea egotzita.
Espainiako gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, Nafarroako Guardia Zibilak txosten bat helarazi zion Auzitegi Nazionalari Irunberriko jaietan presoen aldeko adierazpen bat irakurri, presoen aldeko brindisa egin eta pankarta bat erakutsi zela adieraziz.
Hauek dira inputatutako lau lagunak: Iraide Ongay eta Daniel Perez Irunberriko EH Bilduko zinegotziak eta Patxi Alzueta eta Garazi Labiano Irunberriko herritarrak. Laurek prentsaurrekoa eskaini dute gaur eta ukatu egin dute deliturik egin izana.
Gazteleraz eta euskaraz irakurritako ohar batean, inputatuek nabarmendu dute beren ideiak "askatasunez eta errespetuz" lau haizeetara zabaltzeko eskubidea dutela.
Bestalde, inputatuen hitzetan, ez da "kasualitatea" bi zinegotzi inputatzea. Halaber, nabarmendu dute horiek Auzitegi Nazionalera deituta beren lan politikoa "oztopatu" eta EH Bildu "lokaztu" nahi dutela.