Politika -
Gernikako Estatutua
Jaurlaritzak aurrekontu bikoitza izango luke Estatutua 'osorik' beteta
Legebiltzarreko Autogobernuaren lantaldeak eskatutako txostenen arabera, Gernikako Estatutua ez betetzeak "krisi arriskuan' utzi du Jaurlaritza.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua 'osorik' bete izan balu, Eusko Jaurlaritzak gaur egun duen aurrekontuaren halako bi edukiko luke, hots, 10.638 milioi euro, Estatutuaren harira Jaurlaritzak egindako txostenetako baten arabera.
Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak eskatuta, zortzi txosten prestatu ditu Urkulluren gobernuak. Horietako baten arabera, Estatua ez betetzeak "galera ekonomiko argia" suposatu dio Jaurlaritzari, "krisi arriskuan" egoteraino, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez.
Zortzi txostenetako batek Estatutua ez betetzeak dituen "ondorio negatiboak" jasotzen ditu. Gainerakoek EAE eta Estatuaren arteko harremanak, Kontzertu Ekonomikoa edo Gizarte Segurantza sistema propio baten bideragarritasuna dute aztergai, besteak beste.
24 gai, transferitzeke
Erkorekak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak 24 gai ditu transferitu gabe, tartean Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa edo espetxe politika. Beste zortzi gai ez daude "dagokien betetze mailan", bozeramailearen hitzetan.
Estatutua 'osorik' ez beteta, Jaurlaritzak ezin dio Kontzertu Ekonomikoaren sistema eskuduntza guztiei aplikatu, eta horrek "Euskadik behin betiko finantzaketa maila lortzea" galarazi du.
Erkorekak azaldu duenez, Gizarte Segurantzak Euskadin ordaindutakoaren arabera prestazioetara bideratzen duena Jaurlaritzaren aurrekontura batuz gero, 7.000 milioi euro gehiago izango lituzke urtean Gasteizko Gobernuak, "ia egungo aurrekontuarem bikoitza". Eta hori, bozeramailearen aburuz, transferitzeke dauden eskumenak kontuan hartu gabe.
Estatutuaren arabera, Gizarte Segurantzaren kudeaketa EAEri dagokiola nabarmentzen du Jaurlaritzaren txostenak. "Krisi ekonomikoak ezin du oztopo izan eskumen hori berehala transferitzeko", esan du buruzagi jeltzaleak.
Gizarte Segurantzaren euskal sistema batek bideragarria izateko izango lituzkeen zailtasunak ez lirateke, Erkorekaren aburuz, Estatuko sistemak egun dauzkanak baino larriagoak. Euskal lan merkatuaren ezaugarriak kontuan hartuta, zailtasun horiek txikiagoak ere izango liratekeela aurreratu du.
"Babesik ez duen Estatuto batekin", "autogobernua krisi arriskuan" dagoela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak. EAEren autogobernua "salbuespen egoeran" dagoela eta, beraz, "estatutu erreformak" beharrezkoak direla gaineratu du, "bi aldeko harreman adostu" bat bermatzeko.
Gaur aurkeztutako txostenetan, Espainiako Gobernuaren "birzentralizazioa" salatu du Jaurlaritzak. Are, inoizko politika zentralizatzaileenak egiten ari dela Espainia esan du Jaurlaritzak, "krisi ekonomikoaren aitzakian". Erkidegoen arteko "homogeneizazioa" bultzatzeko ahalegina ere ikusten du Gasteizko Gobernuak Rajoyren Exekutiboaren jarreran.
Halaber, Estatuak egindako "gehiegikeriak" Auzitegi Kontsituzionalak "babestu" dituela nabarmendu du Jaurlaritzak.