Politika -
Biktimak
ETAk hildako hiru espetxe funtzionario omendu dituzte Martutenen
Estatuaren kartzela batean egindako lehen omenaldia izan da. Besteak beste, Barne ministroa izan da bertan.
eitb.eus
ETAk hildako hiru espetxe-funtzionariori omenaldia egin diete gaur Martutenen, Donostian. Estatuaren kartzela batean egindako tankera horretako lehen ekitaldia izan da.
Hain zuzen ere, hauek dira omenaldia egin dieten biktimak: Angel Mota Iglesias, Jose Ramon Dominguez Burillo eta Francisco Javier Gomez Elosegui.
Ekitaldian hainbat politikari eta ordezkari izan dira, hala nola Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuaren Barne ministroa, Angel Yuste Espetxe zuzendaria, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria eta Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea.
Gipuzkoako arduradun nagusiak (tartean Markel Olano ahaldun nagusia) eta lurraldeko buruzagi politikoak ere bertan izan dira, EH Bildukoak barne.
Ekitaldian, Fernandez Diazek nabarmendu du ETA "menperatuta" dagoela eta erakunde armatuak ez duela "ezer" lortu. "Legea nagusitu da zentzugabekeriaren aurrean", gaineratu du.
Era berean, ETAri "baldintzarik gabe desegitea" eskatu dio, eta "eragile politiko gisa betikotzea" helburu badu, "oker" dagoela esan dio. "Herritarrek eta erakundeek galaraziko dute", ohartarazi du.