Politika -
Elkarrizketa
Konstituzioak Euskadi nazio gisa onartu zuela uste du Mendiak
“Herritarren arazoak konpontzen ez dituzten eztabaida nominalistetan denbora alferrik ez galtzeko” eskatu du PSE-EEko idazkari nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
1978ko Konstituzioak Euskadi, Katalunia eta Galizia nazionalitate bezala aintzatesten dituela gogorarazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Mendiaren hitzetan, “zuzenbide konstituzionalean, doktrinan, nazionalitate eta nazioa gauza bera dira”. Horregatik, “herritarren arazoak konpontzen ez dituzten eztabaida nominalistetan denbora alferrik ez galtzeko” eskatu du.
“Aldebikotasuna eta estatus juridiko berria” zer diren azaltzeko eskatu dio buruzagi sozialistak EAJri. “Euskal herritarren buruan ez dago kontsulta bat egitea”, adierazi du PSE-EEko agintariak Radio Euskadin.
Autogobernua ona dela nabarmendu Mendiak; izan ere, eskubideak defendatzeko, finantziazio sistema ezberdin bat izateko eta politika desberdinak aurrera eramateko aukera ematen die euskal herritarrei. Halaber, Euskadi nazio gisa onartzea alderdi abertzaleen kezka izatea ulertzen duela esan du Mendiak, baina “herritarren arazoak konpontzen ez dituzten eztabaida nominalistetan denborarik ez galtzeko” eskatu du.
“Nik ez dut batere arazorik gai horietan. Gaia alderdi abertzaleen kezka izatea eta eztabaida zabaltzen denean mahai gainean jartzea ulertzen dut. 1978an jarri zuten, eta horregatik aintzatetsi zituen Konstituzioak Euskadi, Katalunia eta Galizia nazionalitate bezala. Zuzenbide konstituzionalean, doktrinan, nazionalitate eta nazioa gauza bera dira”, azaldu du.
Kontsulta Legea
EH Bilduk iragarritako kontsulta legearen proiektuari dagokionez, koalizio abertzaleak “lana, susperraldi ekonomikoa eta eskubideak eskatzen dituzten euskal herritarrei mesede gutxi” egiten diela esan du Mendiak.
Horren harian, “herritarren buruan ez dago kontsulta bat egitea”, adierazi du PSE-EEko buruzagiak. Euskadiko sozialistek “indarrean dagoen araudia betetzen ez duen legerik ez dugu onartuko”, iragarri du Mendiak.
“Gure jarrera argia da. Duela 10 urte izan genuen eztabaida hori Legebiltzarrean. Ezker abertzaleak boto bakarra eskaini zuen orduan, orain aurkeztu eta Gasteizko Ganbera hauteskunde plataforma bezala erabiltzea gauza bitxia da”, erantsi du.