Politika -
Presoak
Sakabanaketaren aurkako lehen helegiteak ostiralean ikusiko ditu ANk
11 presok aurkeztutako helegiteak aztertuko dituzte Auzitegi Nazionalaren Lehen Aretoan.
eitb.eus
Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea eskatzeko 11 presok aurkeztutako lehen helegiteak ostiralean iritsiko dira Auzitegi Nazionalera, Espetxe Zaintzak horien eskaerak errefusatu ostean.
Lehen Aretoak bilera egingo du, irizpidea ezartzeko. Horrenbestez, segur aski erabaki berbera ezarriko diete preso guztiei; bai lehen hamaikei, bai ondoren etor litezkeenei.
Hain zuzen ere, ostiralean ikusiko dituzten helegiteak preso hauek aurkeztu zituzten, norberak bere izenean: Iñaki Cañas, Garikoitz Arruarte, Karlos Trenor, Unai Fano, Xabier Balerdi, Xabier Aranburu, Mikel Askasibar, Josu Arkauz, Jose Jabier Zabaleta, Luis Angel Galartza eta Asier Uribarri.
Testuinguru horretan, Amaia Izko eta Pernando Barrena Sortuko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute, eta "tamalez", "erantzun judiziala" zein izango den "aldez aurretik" badakitela deitoratu dute. "Estatuak boikot jarrera du uneoro, Polizia eta Justizia gatazkaren konponbidea jazartzeko erabilita", adierazi dute.
Horien ustez, Espainiako Gobernua "sine die" atzeratzen ari da presoentzako konponbidea, "prozesua oztopatzeko".
Dena dela, EAJren aurka ere egin dute. "Zer egiten du EAJk sakabanaketa amaitzeko?", galdetu dute, eta jeltzaleek ezker abertzaleari "egunero" eskaerak egiten dizkiotela kritikatu dute.
Ostegunean, Auzitegi Nazionalak bilera egin baino egun bat lehenago, elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat herritan sakabanaketa amaitzea aldarrikatzeko, eta Sortuk horiekin bat egiteko deia egin du.