Politika -
Polizia-operazioa
Madrilek uste du ETA gobernu aldaketaren zain zegoela, negoziatzeko
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan du Sorzabalek eta Plak gobernu aldaketa nahi zutela hauteskunde orokorren ostean, egungoarekin negoziatzea ezinezkoa izan dela ikusita.
agentziak | erredakzioa
Iratxe Sorzabal eta David Pla asteartean Baigorri atxilotu zituzten ETAko kideak hauteskunde orokorren ostean Espainian gobernu aldaketa izateko zain zeuden, berriarekin negoziatu ahal izateko, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi duenez.
Ministroak Antena 3n egin dioten elkarrizketa batean azpimarratu duenez, "ETAri organikoki eta egitura aldetik geratzen zaion bakarra alor logistikoa da, duen gutxia eta zuloak zaintzeaz eta koordinatzeaz arduratzeko".
ETA "poliziak garaitu" duela azpimarratu du ministroak, eta atxilotuak "nazioarteko egiaztatzaileekin eta negoziatzeko prest agertuko litzatekeen balizko gobernuarekin negoziatzeko erreferentziak" omen ziren.
"ETAk Gobernu aldaketa nahi du, PPren egungoarekin, lau urteren ostean, inolako negoziaziorik ez dela izango ikusi baitu", zehaztu du.
Atxilotuak Norvegian babestuta egon zirela azaldu du, 2011n ETAk jarduera armatua utzi eta gero, hauteskundeetatik aterako zen gobernuak "ETArentzat gatazkaren ondorio diren horietaz" negoziatzeko prozesua abiatuko zuela uste baitzuten.
Jorge Fernandez Diazek esan du azken atxilotuok zirela "alor militarraren eta zuzendaritza politikoaren erreferentzia bakarra".
Dena den, ETA oraindik ez dela desegin eta "beraz, bizirik" jarraitzen duela eta "bere kontra egiten" segitu beharra dagoela adierazi du.