Politika -
ETA-ren agiria
Jaurlaritza: 'ETAk eragindako mina aitortu eta desegin behar du'
Ezker abertzaleari ere zuzendu zaio Erkoreka bozeramailea: larunbateko manifestazioan "indarkeria mota guztiak modu argi eta irmoan gaitzesteko" eskatu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren aburuz, ETAk asteazkenean kaleratutako agiriak ez du "ezer berririk eskaintzen" eta, beraz, aurrekoetan emandako mezu berei eutsi die Josu Erkoreka bozeramaileak: "eragindako min bidegabea aitortu" eta behin betiko eta "atzera bueltarik gabe desegiteko" galdea egin dio. Horrez gain, ezker abertzaleari ere zuzendu zaio eleduna eta larunbat honetarako, Donostian, 'Erabakia, Bakea' lelopean deitutako manifestazioan "indarkeria mota guztiak modu argi eta irmoan gaitzesteko" deia egin dio.
Bilboko Justizia Jauregian administrazioaren inguruko lan-saio batean izan da goizean Erkoreka, eta bertan egin du ETAren agiriaren balorazioa. Bozeramailearen hitzetan, adierazpena "ez da albiste eta ez du ezer berririk eskaintzen. Ez da euskal gizarteak espero duena eta erakunde armatuak agindutako", azpimarratu du. Horren ildoan adierazi duenez, "berez hasia zuen eta bukatuta behar zuen bide batean daudela esatea, ez da aparteko ezer esatea; are, ezertxo ere ez esatea da".
"ETAk badaki zer egin behar duen. Askotan esan diogu. Agindu zuen armagabetzea bete behar du. Eragindako min bidegabea aitortu behar du eta, azkenik, behin betiko eta atzera bueltarik gabe, desegin behar da", agertu du Erkorekak.
Hasier Arraizek, Pello Urizarrek, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek sinatutako gutuna ere ahotan hartu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Eskutitzean "indarkeria bide txarrena" dela azpimarratu dute Sortuko eta EH Bilduko buruzagiek. Erkorekaren esanetan, "indarkeria aukerarik txarrena dela esatea eta, era berean, ETAren jardun terrorista legitimoa eta bidezkoa izan zela esatea ez dira bateragarriak".
Hala, Erkorekaren irudiko, larunbatean EH Bilduk eta EH Baik bakearen alde deitutako manifestazioa "aukera ona" izan daiteke ezker abertzaleak "indarkeria mota guztiak argi eta irmo gaitzesteko".