Politika -
Europako Batzordea
'Kartzelaldiak ez zenbatzeagatik Espainia zigortzeko prest daude'
Frantzian espetxe-zigorrak betetzen dituzten ETAko presoei zigor horiek Espainiak zenbatzen ez badizkie, Europako Batzordeak Espainia zigortu dezake, EAJk iragarri duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuko EAJren diputatu Izaskun Bilbaok gaur baieztatu duenez, Europako Batzordea Espainiako Gobernua zigortzeko prest dago, Frantzian espetxe-zigorrak betetzen dituzten ETAko presoei zigor horiek Espainiak zenbatzen ez badizkie.
Europar Batasuneko beste herrialdetan (Frantzian gehienbat) kartzelaldiak betetzen dituzten presoei Espainian bete beharreko zigor-espetxea ez murriztea erabaki zuen Auzitegi Gorenaren gehiengo batek.
Ezezko horren ostean, EAJren eurodiputatuak hainbat galdera helarazi zizkion Europako Batzordeari. Gaur Bilbon izandako prentsaurrekoan eurodiputatuak jasotako erantzunen berri eman du. Erantzun horiek Vera Jouvarana Europako Justizia-komisarioak sinatu ditu eta, horren arabera, Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari eskainitako informazioa "ez dago osorik".
Bilbaok gogoratu duenez, 2008an erabakitakoaren arabera eta 17,2 artikuluari erreparatuta, "ebazpenak agindutako espetxe-zigor osoari kenduko zaio aldez aurretik izandako askatasun-gabetzea, eta ardura hori Estatuko agintarien esku dago".
Izaskun Bilbaok esan duenez, direktiba horrek argi uzten du "espetxe-zigorrak aitortzea derrigorrezkoa dela, eta Espainiako auzitegiek hartutako erabakiak ez datozela bat Europako zuzenbidearekin".
Batzordeak emandako erantzun horren berrikuntza honetan datza, "ez betetze hori konpontzeko Europar Batasunak dituen eskumenak erabiliko dituela, zigor-prozedurak hasita ere".
Eurodiputatuak defendatu duenez, "kontrol-lan hori EAJk bake-prozesuari egindako beste ekarpen bat da. Indarkeria gaitzesten dugu erabat, eta egindako mina aitortzeko eta armagabetzeko eskatzen diogu ETAri, baina demokraziaren etsaien aurrean, demokrazian sakondu behar dugulakoan gaude".