Politika -
Auzitegi Nazionala
Artxibatu egin dute Goizuetako alkatearen kontrako auzia
Unai Loiarte Goizuetako alkateak eta Olaia Lekuona goizuetarrak Auzitegian deklaratu dute goizean, terrorismoa goratzea egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren apologiaren ustezko delitu bategatik Unai Loiarte Goizuetako alkatearen eta Olaia Lekuona goizuetarraren kontra abiatutako auzia artxibatzea erabaki du gaur Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Loiarte eta Lekuona Auzitegi Nazionalean egon dira gaur, deklaratzen. Ondoren, haien kontrako neurririk ez hartzea eta auzia artxibatzea erabaki du epaileak.
Albistea Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eman du Twitterren:
Alkateari eta herritarrari terrorismoa goratzea egotzi die Eloy Velasco epaileak zitazioan, biek deklaratu baino lehen EH Bilduk bidalitako ohar batean azaldu duenez. “Azalpenik eta xehetasun gehiagorik” gabe, “deklaratzera deitzeko arrazoi zehatzaren berri” eman ez izana kritikatu du koalizioak.
Horregatik, “Espainiako Estatuaren aparatu juridikoen eraso berria irmo” salatu du EH Bilduk. Horren ustez, “aukera eta prozesu politiko bat kriminalizatu nahi dute”.
“Estatuak Euskal Herriko herritarren eskubide zibil eta politikoak mespretxatzen dituztela agerian utzi du ekintza berri honekin. Gatazka konpontzeko eta bakegintzarako aukera historikoan aurrera egiteko modu konstruktiboan ekin beharrean, gatazka luzatu nahi du”, gaineratu du koalizioak.
“Azalpen egokirik gabe estatu demokratiko batek bi herritar salbuespen epaitegi baten eskuetan uztea ez da onargarria, defendatzeko eta gertatutakoa argitzeko aukerarik ez dutelako”, salatu du EH Bilduk.