Politika -
Nafarroako Parlamentua
Barkos: 'Nafarroak ez du oinarrizko tresnen aurkako erasorik onartuko'
Alderdi guztiek defendatu dituzte Nafarroaren autogobernua eta Itun Ekonomikoa, horretarako tresna gisa.
agentziak | erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak batasun politikorako deia egin du Itun Ekonomikoa defendatzeko, eta adostasuna bilatzearen aldeko apustua egin du; izan ere, Nafarroako gizarteak "ez du oinarrizko tresnen kontrako erasorik onartuko".
Parlamentuko osoko bilkuran adierazi duenez, erantzun bateratua eman behar zaio Nafarroaren Itun Ekonomikoaren kontrako erasoari. Hala, Parlamentuko bozeramaileekin elkartu nahi du, "diskurtso bateratua izateko eta elkarrekin norabide berean arraun egiteko".
Nafarroako presidentearentzat "oso kezkagarria" da Espainiako Ogasun Ministerioak txosten bat osatu izana erkidegoek egin baina Gobernuak "bideratutako" argudioekin. "Nafarroako gizarteak ez du oinarrizko tresnetako baten kontrako erasorik onartuko", azpimarratu du Barkosek, horren inguruan "adostasuna" lortuko duen esperantzarekin.
Gai horrekin lotuta, Javier Esparza UPNren bozeramaileak esan du ez dela Barkosen hitzekin fidatzen. "Ezin duzu Nafarroa defendatuko duzula esan, erakundeetan ikurrina inposatzen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan bilkura monografiko batez hitz egiten duzun bitartean", Esparzaren esanetan.
Adolfo Araiz EH Bilduren ordezkariaren ustez, azkenaldian gertatzen ari denak agerian uzten du "Nafarroak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko beharra" duela. "Erabakitzeko eskubidearen oinarri garrantzitsuenetako bat da autogobernua, ez baitu aurrera egiterik zerga-bilketa gaitasunik eta zergen kudeaketa ekonomikorik gabe", gaineratu du.
Maria Chivite PSNren ordezkariak berretsi du Estatuaren aniztasuna eta Nafarroaren berezitasuna defendatuko dituela. "Beti defendatu dugu Ituna, eta hala jarraituko dugu", adierazi du Chivitek, "Konstituzioak onartzen duen eskubidea da", azpimarratu aurretik.
Ahal Duguren partetik, Laura Perezek "autogobernua indartzeko" borondatea erakutsi du; izan ere, "demokrazian sakontzen laguntzen du", horren ustez.
Jose Miguel Nuin Ezkerraren bozeramailearen esanetan, "Itun Ekonomikoa autogobernuaren tresna garrantzitsuenetakoa da".
PPri dagokionez, Ana Beltranen arabera, Ogasun Ministerioak kaleratutako txostena ez dute egin "ez Espainiako Gobernuak ez Montoro ministroak, erkidegoek baizik".