Politika -
Ekitaldia Portugaleten
EH Bildu: 'Bakerako topaguneak sustatzen jarraituko dugu'
Herritarrak Ahalduntzeko Legearen harira Oskar Matutek esan duenez, "herritarren gainean eragina duten auziei buruz erabaki ahal izateko legea izango da".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, PPn nagusitzen den "gelditasun politikoaren aurrean, bakerako eta elkarbizitzarako topaguneak sustatzen jarraituko du EH Bilduk".
"Plaza publikoa" izeneko ekitaldiaren lehenengo tailerrean parte hartu dute Oskar Matute eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideek, Portugaleten, xede izanik Herritarrak Ahalduntzeko Legearen proiektua herritarrekin partekatzea.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Arantza Quiroga Euskadiko PPko buruarekin izandako ika-mikari aipatu dute. Izan ere, aste honetan Quirogak proposatutako Askatasun eta Elkarbizitza lantaldea bertan behera geratu da "PPren presioen ostean".
Matutek azaldu duenez, EH Bilduk ekimen hori aurkeztu zuenean, hausnarketa politikoa egin zuen, "oso diferente pentsatzen dutenekin topaguneak suspertzen jarraitzeko, eta guk bide horri eutsiko diogu".
Bestalde, Herritarrak Ahalduntzeko Legeari aipamena egin diote, izan ere, datorren azaroaren 4ean Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute. Matuteren hitzetan, "herritarrengan eragina duten auziei buruz erabaki ahal izateko" da kontsulta-legea.
"Gainerako euskal lurraldeekiko eta Estatuarekiko harremanei eta esparru politikoari erantzunak emateaz gain, egunero ahalduntzeko herritarrei tresna bat eskaintzea du helburu lege horrek", gaineratu dute.
"Legea planteatuta dagoen moduan, ez luke egungo araudiarekin arazorik eragin behar", Matuteren aburuz, "helburua baita herritarrek euren erabakien jabe izatea".