Politika -

Hispanitatearen eguna

Mas, Urkullu eta Barkos ez dira desfile militarrean izan

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak ere gonbiteari muzin egin dio. Hitzorduan aurpegi berri asko izan dira, hauteskundeek utzitako presidentetza aldaketak direla eta.

Erregea izan da militarren desfilearen buru. Argazkia: EFE
Hispanitatearen eguna. Argazkia: EFE
Errege familia, Hispanitatearen desfilean

1:25

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea ez dira Hispanitatearen eguneko desfile militarrean izan, Madrilen.

Felipe VI. erregearentzat hirugarren desfilea izan da gaurkoa. Ia 3.400 soldaduk eta guardia zibilek Madrilgo kaleak hartu dituzte. 48 ibilgailuk eta 53 aireontzik ere desfilean parte hartu dute, Eurofighter ehiza-hegazkinak tartean.

Masek eta Urkulluk ez dute sekula desfile militarrean parte hartu. Uxue Barkosen estreinakoa izango litzateke, baina ez joatea erabaki du, "posizinamendu politikoagatik", ez, ordea, agenda arazoengatik (Erregioen Batzordeko osoko bilkuran parte hartu behar du arratsaldean).

Urriaren 12a eta Konstituzioaren Eguna Estatuko harreman egituraren ikur dira eta agintari abertzaleak horren aurka agertu dira behin eta berriro.

Gainera, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak ere ez joatea erabaki du gonbidaturik zegoela egiaztatu ondoren. Podemosen presentzia "eskubideak eta justizia soziala aldarrikatzeko ekitaldietan erabilgarriagoa" dela adierazi du Iglesiasek.

Hitz gogorragoak erabili dituzte Ada Colau eta Jose Maria Gonzalez Bartzelona eta Cadizeko alkateak. Desfilearen kutsu inperialista salatu dute biek Twitterren:

(Lotsagarria da genozidioa ospatzen duen estatua egotea eta 800.000 euro balio duen desfile militar batekin gainera!)

(Ez genuen Amerika deskubritu, txikitu egin genuen eta kontinentea eta kultura gure menpe jarri genuen, Jainkoaren izenean. Ez dago ezer ospatzeko)

Aurpegi berriak

Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia, ostera, desfilean izan da, baita Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia ere.

Gainerakoan, aurpegi berri askok hartu dute parte ekitaldian; izan ere, azken hauteskundeek aldaketa ugari eragin zituzten erkidegoetako parlamentuetan. Parte hartu duten erkidegoetako presidenteetatik 10 berriak ziren.

Iruñeak "jarrera inperialista" salatu du

Bestalde, milaka lagun bildu dira Iruñean, Herri Askeen Martxan, "Espainiako Estatuaren jarrera inperialista" salatzeko Herriak Librek deitutako manifestazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Gaurko azken orduko albistea Artur Mas