Politika -
Auzitegi Nazionala
Inputazioa 'errespetu falta' bat dela uste du Tafallako alkateak
Pankartak orain sortu duen “kezkarekin” harrituta agertu da Arturo Goldacarena. Alkatearen hitzetan, “gauza bera gertatu da” azken 15 urteetan, “eskuineko” edo EAJko alkateekin.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoa egotzita egindako inputazioa bere herriarenganako “errespetu falta” dela adierazi du gaur Arturo Goldacarena Tafallako (Nafarroa) alkateak.
Epailearen aurrean deklaratu ondoren, euskal preso eta iheslarien aldeko pankartak orain sortu duen “kezkarekin” harrituta agertu da Tafallako alkatea. Goldacarenaren hitzetan, “gauza bera gertatu da” azken 15 urteetan, “eskuineko” edo EAJko alkateekin.
“Orain, EH Bilduko alkate bat dagoenean” arazoa sortzen da, deitoratu duenez. Inputazioak “oinarririk” ez duela errepikatu du agintariak. Pankartaren helburua “betikoa” dela azaldu du Goldacarenak; presoen sakabanaketa salatzea, alegia. “Eztabaidagarria da, baina delitu bat inola ere ez”, azpimarratu du.
Alkateak Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu du, terrorismoa goratzea egotzita.
Nafarroako herri honetako jaiak abiatzeko txupinazoan (abuztuak 14) udaletxeko balkoian "preso eta iheslari politikoak etxera" zioen pankarta bat zintzilikatzeko baimena eman zuelakoan, haren kontrako salaketa jarri zuen Fiskaltzak.
Epaileek tramitera onartu zuten salaketa, "hizkuntzaren erabilera nahasita, presoen prozesu eta zigor egoera bidezkoa ez zela aditzera eman" zuelakoan
Goldaracena Udaleko "aginte gorena" izanik, hura inputatzea erabaki zuen Fiskaltzak.
EH Bildu: "Zentzugabekeria"
EH Bilduk salatu duenez, alkatea inputatzea "zentzugabekeria" da, eta agerian utzi du "Nafarroako aldaketa onartu ez dutenen urduritasuna".
Koalizioak ohar bidez nabarmendutakoaren arabera, gisa honetako pankarta bat egon da urtero-urtero balkoian eskegita, Alkatetza UPNren edo PSNren esku zegoenean ere, baina EH Bilduk agintea eskuratu duenean egin du salaketa Fiskaltzak. Ohar horrekin batera, 1999tik egindako txupinazoen argazkiak zabaldu ditu EH Bilduk, eta denetan ageri da presoen aldeko pankarta.