Politika -

Presoak

Ibon Iparragirreren egoera hobetzeko lanean da Jaurlaritza

Lehendakariak nabarmendu duenez, hiesak jotako presoaren auzia 'gertutik' ari dira jarraitzen. Iparragirre Zaballako kartzelara ekarriko dute aurki, Bilboko auzitegi batean deklaratu behar duelako.

Arzuagak (EH Bildu) egindako galdera bati erantzun dio Urkulluk. EFE
Arzuagak (EH Bildu) egindako galdera bati erantzun dio Urkulluk. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Iparragirre gaixo dagoen preso ondarrutarraren auzia "gertutik" ari da jarraitzen Eusko Jaurlaritza eta "haren egoera lehenbailehen hobetzeko izapideak egiten eta harremanak izaten" ari da, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez.

Eusko Legebiltzarrean ostiral honetan egiten ari diren kontrolerako saioan presoaren egoera hobetzeko Jaurlaritza egiten ari den lanaz galdetu dio lehendakariari Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Izan ere, gogorarazi duenez, urriaren 20an Bilboko auzitegi batean deklaratu behar du presoak, eta hori dela eta, Zaballako presondegira hurbilduko dute. Egoera baliatuta, presoa kartzela horretan geratzeko eta Madrilera ez bueltatzeko izapideak egiteko eskatu dio Arzuagak Jaurlaritzari.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, Iparragirreren "egoerak konponbide humanitarioa" behar du, hiesak jota, oso gaixo dagoelako. Madrilen dute preso, "bere mediku eta familiarengandik urrun", azpimarratu du.

Urkulluk erantzun duenez, "bere esku dagoen guztia" egiten ari da Jaurlaritza, "Legeren baitan, gaixo dauden presoei konponbide humanitarioa emateko".

"Diskrezioz ari gara, zarata egin gabe", adierazi du Urkulluk. Hala, zehaztu duenez, auzia "gertutik" jarraitzen ari dira, egunotan "bereziki, bilerak eta izapideak egiten bere egoera lehenbailehen hobetzeko".

Lehendakariak azaldu duenez, espetxeetako araudiaren 104.4 artikuluak dio gaixo dauden presoei hirugarren gradua eman ahal dietela, "arrazoi humanitarioak" tarteko. Legebiltzarrak berak hala eskatu du, Jaurlaritzaren babesarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza Presoak argazkiak