Politika -
Bost ildo nagusi
Erabakitzeko eskubidea Konstituzioan babestea proposatu du Iglesiasek
Gainera, Justizia independentea, ustelkeriaren aurkako neurriak eta hauteskunde-sistema proportzionala ere proposatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozialak Espainiako Konstituzioan babestea proposatu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. Horretarako, aldaketa konstituzionala egitea planteatu du. Gainera, Justizia independentea, ustelkeriaren aurkako neurriak eta hauteskunde-sistema proportzionala ere proposatu ditu.
Podemoseko Herri-Batzorde nazionaleko bileran proposatutako ideiak dira, bost gakotan bilduta. Iglesiasek azaldu duenez, ildo horietan oinarrituko dira Podemoseko hauteskunde-kanpaina eta datozen lau urtetako lan politikoa.
"Ezin gara konformatu", esan du Podemoseko buruzagiak. Halaber, hauteskunde-kanpainan lan handia egitera animatu ditu jarraitzaileak. "Guri dagokigu aldaketa konstituzionalerako bost akordio handiak egitea", gaineratu du.
Hasteko, "aldaketa demokratikoa" proposatu du, Konstituzioak bermatutako benetako hauteskunde-sistema proportzionala egin ahal izateko, "boza bana pertsona bakoitzeko", hain zuzen ere.
Bigarren ildoari dagokionez, "Justiziaren gaineko itun handia" proposatu du Iglesiasek, "Botere Judizialaren independentzia modu eraginkorrean babestek asmoz". "Botere ekonomikoen eta alderdi politikoen mendeko epaile gehiagorik ez", nabarmendu du.
Hirugarren akordioan eskubide sozialak Konstituzioan babestu nahi ditu Podemosek, hots, etxebizitza, hezkuntza, lan-eskubideak eta osasuna.
Laugarren itunari dagokionez, ustelkeriaren aurkako borroka Konstituziora eraman nahi du Iglesiasek, "pribilegioei eusteko erakundeak erabiltzea ezinezkoa egiteko asmoz, eta 'ate birakariak' saihesteko".
Azkenik, bosgarren itunak erabakitzeko eskubideari egiten dio aipamena.