Politika -

Hauteskunde orokorrak

Abenduaren 20ko hauteskunde orokorren dekretua onartu dute

Rajoyk, legegintzaldiaren lehen balantzean, ekonomiaren norabidea aldatzea, eta "enplegua, hazkundea eta konfiantza handitzea" lortu dutela azpimarratu du.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentea. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentea.
Balantze positiboa eginaz, hauteskundeak deitu ditu Rajoyk

1:24

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Ministroen Kontseiluak abenduaren 20an hauteskunde orokorrak egiteko dekretua onartu du gaur, Mariano Rajoy presidenteak Moncloa Jauregian egindako agerraldian iragarri duenez.

Presidenteak azpimarratu du "harro" esan dezakeela legegintzaldi honetan herritarrek "energia eta gaitasuna" erakutsi dutela "oso delikatua zen egoera bati aurre egiteko".

Presidenteak gaineratu du inoizko legegintzaldi "bizienetakoa" izan dela. Haren esanetan, lehenengo bi urteetan ekonomiaren norabidea aldatzea lortu zuten, eta hurrengo bietan "enplegua, hazkundea eta konfiantza handitzea".

"Ohorea izan da herrialde handi honen Gobernuko presidente izatea", adierazi du Rajoyk, hartutako neurri askori esker, "gustukoak izan ez diren arren", herrialdea "guztiz aldatzen" lagundu duela azpimarratu aurretik.

PPren "babes irmoa"ri esker egin ahal izan dituzten erreformek egonkortasuna eman dutela goraipatu du, eta babes hori "erabakigarria" izan dela "Espainiarengan konfiantza berreskuratzeko".

Rajoyk adierazi du "beti" hitz egin dutela oposizioarekin eta gizarte eragileekin, eta itunen artean jihadismoaren kontrako ituna, segurtasun nazionalerako legea eta epe luzeko langabeentzako programa aipatu ditu.

Horrelako garaietan geratzen da agerian "pertsonen eta nazioen, nazio espainiarraren, indarra", azpimarratu du Rajoyk.

Gainera, presidenteak esan du "ezagutu dugun krisi larriena" gainditu ez ezik, "bide bazterrean inor utzi gabe" egin dutela.

Hauteskunde osteko itunak

Bestalde, Ciudadanosek ituna egiteko bera presidentegai ez izatea eska dezakeela eta, Rajoyk hau erantzun du: "Nire burua ondo dago egokituta, eta ez dio inori lekuz aldatzen utziko".

Rajoyk uste du bera del PPren hautagai onena, eta hala pentsatuko ez balu ez litzatekeela abenduaren 20ko hauteskundeetan aurkeztuko.

"Ez banaiz lehenengo indarra ez naiz Gobernuko presidente izaten saiatuko, herritarrek esaten dutena errespetatuko baitut", adierazi du gobernuburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy berriak Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainia albisteak