Politika -
Hauteskunde orokorrak
Senatura hautagaitza bakarra aurkezteko akordioa lortu dute Nafarroan
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra hautagaitza berean aurkeztuko dira datozen hauteskundeetan Senatura.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Gobernuko lau alderdiek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute Senatura datozen hauteskunde orokorretan. Laura Perez Ahal Duguko bozeramaileak jakinarazi du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek akordioa lortu dutela.
Ahal Duguk bere alderdiko ordezkari bat hautagaitza bateratuaren lehendabiziko postuetan joatea exijitzen zuen, jada senatari autonomiko bat badu ere, eta eskaera horrek arazoak eragin ditu negoziazioan; izan ere, gainerako alderdien iritzian, Ahal Duguri ordezkaritza handiegia ematea suposatzen zuen horrek, eta, aldi berean, Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdietako ordezkariak zerrendan izatea oztopatzen zuen.
Azkenean, Ahal Duguk exijentzia hori baztertzea erabaki du, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak beste baldintza batzuk onartu dituztelako, hala nola, Idoia Villanueva senatari autonomikoa Ahal Duguren taldean egotea eta ez talde mistoan.
Horrez gain, aipatu alderdiek onartu egin dute hautagaitza bateratuan doazen ordezkariak Ahal Duguren kodigo etikoa bere egitea.
“Nahiago izan dugu hautagaitzako ordezkari guztiek kodigo etiko bat onartu behar izatea, zerrendako lehen postuetan gure hautagai bat egotea baino”, azpimarratu du Nafarroako Ahal Duguren buruzagiak.
Baldintzak
Kodigo etiko horren arabera, hautagaiek ordainsaria murriztuta izango dute eta, ondorioz, lanbidearteko gutxiengo soldataren hirukoitza izango da gehienez. Egun, senatariek gehiago irabazten dute, eta neurri honekin aurreztuko duten dirua Nafarroan inbertituko dute, lau alderdien artean prozesu “garden eta parte-hartzaile” baten bidez erabakitako proiektu sozialak gauzatzeko, hain zuzen ere.
Horrez gain, hautagaiek uko egingo diete senatari izateagatik dagozkien “pribilegio material eta juridikoei”, besteak beste, pentsio-planei, mutualitateko aseguruei edo “ate birakariak” baliatzeari.
Laura Perezek gogoratu du hauteskunde talde bat izango den heinean, 5.000 sinadura bildu behar dituztela hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko.
Amaitzeko, ez du argitu hautagaitzaren izena zein izango den, ezta hautagaiak nortzuk izango diren ere. Alabaina, “laster” jakinaraziko dituztela zehaztu du.