Politika -

Barne zatiketa Ahal Dugun

Podemosko zuzendaritzak kontra egin dio Uriarteri, zerrenden diseinuan

EAEko Ahaldu Duguko buruak bertan behera utzi du prentsaurreko bat, dagoeneko kazetarien aurrean zela, dei bat jaso eta gero.

Roberto Uriarte Ahal Duguren Euskadiko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Roberto Uriarte Ahal Duguren Euskadiko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Uriartek bertan behera utzi du barne egoera azaltzeko zuen prentsaurrekoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roberto Uriarte EAEko Ahal Duguko idazkari nagusiak bertan behera utzi du gaurko deitutako prentsaurreko bat, dagoeneko kazetarien aurrean zegoela eta agerraldia hasteko zorian zela.

Hain zuzen ere, hauteskunde zerrendek eragindako barne zatiketari buruz hitz egingo zuen Uriartek, eta, aldez aurretik, hainbattetan hitz egin zuen telefonoz Podemoseko zuzendaritzarekin.

Uriarte kazetarien aurrean zegoen jada, Ahal Duguren egoitzan, eta hitz egiten hasteko zorian zela, beste telefono dei bat jaso du. Horren ostean, azalpen gehiagorik eman gabe, "deialdi hau egiteko zeuden arrazoiak aldatu egin dira", esan du, eta bertan behera utzi du agerraldia.

"Eman behar ditugun azalpenak ofizialak izan behar dira beti, sinesgarriak eta egokiak; horrenbestez, militanteak errespetatzeko, azalpenak aurki emana ahal izatea espero dut", esan du.

Pilar Garrido Ahal Duguk Gipuzkoan duen bozeramailearen esanetan, "itxaron egingo dugu, eta prentsaurrekoa hurrengo egunetan eman ahal izatea espero dugu".

Prentsaurrekoa goizaldeko lehen orduan deitu zuen Ahal Duguk, posta elektronikoz, Diputatuen Kongresurako zerrenden harira alderdi barruan piztutako polemikaren harira.

EAEko Ahal Dugun bi sektore daude aurrez aurre. Batetik, Roberto Uriarte babesten duena, eta, bestetik, Izquierda Anticapitalista ohiaren militanteak.

Podemosek kontra egin dio Uriarteri

Prentsaurreko saiakera jazo eta ordu batzuetara, EFE agentziak jakinarazi du Podemoseko zuzendaritzak zuzendu egin du Roberto Uriarteren erabaki bat. Izan ere, EAEko Ahal Duguren buruak Arabako zerrendaburu izendatu nahi zuen Juantxo Lopez de Uralde (Equo), baina Madrilgo zuzendaritzak Bizkaiko zerrendetan joatea berretsi du.

EFE agentziaren arabera, Uralde Bizkaiko hautagaia izango dela asteazken honetan iragarriko dute, prentsaurreko batean.

Uriarteren aurkakoek azaldu dutenez, EAEko Ahal Duguren Kontseilu Herritarrak Uriarte Bizkaiko zerrendaburua izatea erabaki zuen, baina alderdiak Araban kokatu zuen.

Otegiren aldeko martxa, polemikoa oraindik ere

Bestalde, zatiketa testuinguru honetan, Euskadiko Ahal Dugu alderdiko hainbat kidek "zuzenketa" eskatu diete, urriaren 17an Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko, Donostian egin zen manifestazioan parte hartu zuten alderdikideei. Aipaturiko kide horien esanetan, Ahal Duguren organo gorena den Hiritarren Asanbladak hartutako erabakiaren kontrako jarrera izan zuten.

Euskadiko Hiritarren Kontseiluaren azken bileran, Euskadiko Ahal Duguko ehun kide inguruk adierazpen bat aurkeztu zuten eta zenbat kargudun publikok "sistematikoki" izandako jokabidea salatu zuten; horien esanetan, Euskadiko Ahal Duguren ildo politikoaren eta etikoaren kontrakoa zelako.

Hainbat jokabide salatu dituzte, tartean, ustelkeria kasuetan PPrekin batera mozioak onartzea, Free Otegik deitutako manifestazioa babestea eta ekitaldian parte-hartzea, EH Bilduren "atzetik ibiltzea eta Euskadiko Ahal Duguren barruan urpeko gisa aritzea, alderdiaren baitan "intrusismoa" elikatzea eta zuzendaritzarekin dituzten desadostasunak agertzeko hedabideak baliatzea.

Aipaturiko dokumentuaren sinatzaileek beren babesa eta errespetua adierazi diete Euskadiko Hiritarren Kontseiluari, Roberto Uriarte Euskadiko idazkari nagusiari eta Pablo Iglesias buru duen estatu mailako zuzendaritzari. Ildo horretan, hedabideen bitartez zuzenketa bat egitea eskatzen diete salatutako alderdikideei.

Osterantzean, estatu espainiarreko Berme Batzordera joko dutela iragarri dute.

Bestalde, Euskadiko Hiritarren Kontseiluaren azken bileran, Espainiako hauteskunde orokorretarako Ahal Duguren EAEko hautagaitzak aldatzeko proposamen bat onartu zuten. Dokumentu horren bitartez, negoziazio leiala abiatzea eskatzen dute "alde bakarrez ezarritako hautagaiak izatea" saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak