Politika -

Elkarrizketa

Uxue Barkos: 'Nafar guztientzat gobernatzen ari garela erakutsi dugu'

"Asko ez dira gobernu berriarekin identifikatuta sentituko, baina seguru hartu ditugun neurriak ongi ikusi dituztela", azpimarratu du Nafarroako presidenteak.

Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB
Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB
Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB

G. Palacios | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak esan du berak zuzentzen duen gobernua aldaketak “lasaitasunez” egiten ari dela eta orain arte hartutako neurriek “Nafarroako herritar guztientzat” gobernatzen ari direla erakutsi dutela.

ETB2ko "Minuto a Minuto" saioan egindako elkarrizketa batean, Nafarroako presidente karguan bete dituen lehendabiziko 100 egunen balantzea egin du.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak osatutako gobernuaren lehentasuna “arrazoi ezberdinengatik oso zatituta dagoen Nafarroako gizartearen beharrizanak asetzea da”.

“Aldaketaren gobernua gara, nortasun handiko gobernua gara, baina baita edukiz betetako gobernua ere. Orain arte hartutako neurriek (gizarteratzeko errenta, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa, enplegua sustatzeko plana…) argi utzi dute herritar guztiak hartzen ditugula kontuan”, azaldu du.

“Asko ez dira gobernu berriarekin identifikatuta sentituko, baina seguru hartu ditugun neurriak ongi ikusi dituztela”, erantsi du.

“Orain arte hartutako neurriak euskaldun sentitzen diren nafarren nahiz euskaldun sentitzen ez diren nafarren mesederako dira”, nabarmendu du.

Ildo horretan, Barkosek gogora ekarri du inoiz ez duela bere abertzaletasuna ezkutatu. “Nafarroa osoa kontuan izango duen gobernu batean lan egiteko prest dagoen nafar abertzalea naiz. Etorkizunari begira ari gara lanean; gizarte hobea eraiki nahi dugu”, esan du.

Bestalde, Barkosek ukatu egin du Nafarroako Gobernuak euskara “inposatu” nahi duela.

“Inposaketen aurka gaude, eta, beraz, ez dugu euskara inposatzeko inolako asmorik. Baina, aldi berean, ezin ditugu beste batzuen inposizioak onartu, euskaraz hitz egiteko edo ikasteko debekua edo Nafarroan ETB ikusteko debekua, esaterako”, zehaztu du.

Prozesu soberanista

Kataluniako prozesu independentistaren inguruan galdetuta, Barkosek adierazi du eredu guztiak ezberdinak direla, eta, ildo horretan, Eskoziako prozesua ekarri du gogora, erreferenduma Erresuma Batuko Gobernuarekin adostuta gauzatu zutelako.

“Kataluniako prozesua politikoki oso interesgarria da, baina Espainiako Gobernuak konponbidea auzitegien bidez aurkitzeko hautua egin du, eta hori akatsa da, konfrontazioa eragiten duelako”, deitoratu du.

EH Bilduk aste honetan Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen Kontsulten Legeaz galdetuta, Barkosek esan du Nafarroako Parlamentuan normaltasunez eztabaidatuko litzatekeela, bertan ere aurkeztuz gero.

“EH Bilduk eskubide osoa dauka Kontsulten Legea erregistratzeko, eta Nafarroan gauza bera egitea erabakiko balu, Parlamentuan normaltasunez eztabaidatuko genuke”, esan du.

Bestalde, abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak ere izan ditu hizpide. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra Senatura hautagaitza berean aurkeztuko dira; Kongresura, berriz, ez.

Horretaz galdetuta, Barkosek ondokoa erantzun du: “Bi ganbera ezberdin dira. Diputatuen Kongresua profil politikoa eta alderdikoia duen ganbera da; Senatua, aldiz, lurralde ganbera da, profil eta egiteko ezberdinak dituena. Aldaketaren Gobernuak Senatuan isla izan behar zuela argi ikusi dugu lau alderdiok”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos albisteak Euskal Telebista EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Eguneko albisteak