Politika -

Urtero 107.352 euro

Alemaniak Dibisio Urdineko kide ohiei pentsioa ordaintzen die oraindik

Pentsioen ordainketa Francisco Franco diktadorearen Gobernuak eta Alemaniako Errepublika Federalak sinatutako akordio batean jaso zuten, 1962an, eta orduz geroztik ez da aldatu.

Nazien desfile bat. Artxiboko irudia: EiTB
Nazien desfile bat. Artxiboko irudia: EiTB
Nazien desfile bat. Artxiboko irudia: EiTB

E.L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolf Hitlerren nazismoari lagundu zioten Dibisio Urdineko kide ohiei pentsio bat ordaintzen jarraitzen du Alemaniako Gobernuak, Tercera Informacion, Portal Alba eta Naiz atariek jakitera eman dutenez.

1941etik 1944ra bitartean, 47.000 bat espainiarrek borroka egin zuten Dibisio Urdinean. Dibisio Urdina Wehrmachten, Alemania naziaren Armadako infanteriaren, zati izan zen Bigarren Mundu Gerran.

Pentsioen ordainketa Francisco Franco diktadorearen Gobernuak eta Alemaniako Errepublika Federalak (RFA) sinatutako akordio batean jaso zuten, 1962an, eta orduz geroztik ez da aldatu.

Akordioaren arabera, Dibisio Urdineko soldadu ohien, alargunen eta umezurtzen pentsioak Alemaniako Exekutiboak ordainduko zituen aurrerantzean. Bitartean, Madrilek Kondor Legioko hildakoen alargunei ordaindu behar zien. Kondor Legioa 26.113 soldaduk osatu zuten, eta Espainia Gerra Zibilean (1936-1939) zehar bonbardatu zuen.

Die Linke alderdiaren galdera Busdestagen

Andrej Hunko Die Linke (Ezkerra) alderdiko diputatuak galdera-sorta aurkeztu zuen Bundestagen (Parlamentua), Gobernuari pentsio kopuruaren berri emateko eskatuz.

Dibisio Urdineko 41 borrokalari ohik, zortzi alargunek eta umezurtz batek 100.000 euro baino gehiago jasotzen dituzte urtero, Berlinek Die Linkeri emandako erantzunaren arabera.

Soldadu ohiek eta senideek urtero jasotzen dituzten 107.352 euroak hilean 8.946 euro dira. Naziei laguntzen zauritu ziren Armadako 41 boluntarioek 5.390 euro jasotzen dituzte; zortzi alargunek 3.336 euro; eta Dibisio Urdinaren pentsio berezia jasotzen duen umezurtz bakarrak 220 euro.

Berlinek ez du nortasunen berri eman erantzun ofizialean. Hala ere, borrokalari ohiei hilero ordaintzeari utziko ez diola aditzera eman du Angela Merkelen Gobernuak.

“Eskandalua”

Dolores Cabra Artxiboa, Gerra eta Erbestea (AGE) elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan, “eskandalua” da. Pentsioak gogor kritikatu ditu Cabrak, Dibisio Urdineko soldadu ohiak “demokrazien aurka borroka egin, ikara zabaldu eta kontinentea suntsitu zuen Armada nazia osatu zutelako”. Egoera frankismoaren biktimentzako “iraina” dela uste du ekintzaileak.

Zentzu horretan, “nazismoaren biktima askok kalte-ordainaren eta Estatuaren babesaren zain jarraitzen duten bitartean, Alemaniak naziak lagundu zituzten pertsonei ordaintzea eskandalu bat iruditzen zaigu”, salatu du Jan Kuhnek, Andrej Hunko diputatuaren aholkulariak.

Pentsioen inguruan zalantza asko daude oraindik. Hala, gaia Europako Parlamentura eramango duela iragarri du EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania argazkiak Gaurko azken orduko albistea