Politika -
hautagaien aurkezpena
Barkosek Gero Baiko hautagaiak egoera zailean lan egitera animatu ditu
Hala adierazi du Diputatuen Kongresurako Gero Baiko hautagaien aurkezpen-ekitaldian. Koldo Martinez eta Daniel Innerarity dira zerrendaburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Geroa Baiko buru eta Nafarroako Foru Gobernuko presidente Uxue Barkosek bere alderdiko Kongresurako hautagaiak Nafarroaren alde lan egin dezatela animatu ditu, nahiz eta legegintzaldia "egoera zail" batetik abiatzen den, eta egoera horrek "gurari politikoei erantzun politikoak emateko Gobernuak duen ezintasuna" du ezaugarritzat.
Hala adierazi du Diputatuen Kongresurako Gero Baiko hautagaien aurkezpen-ekitaldian. Koldo Martinez izango da zerrendaburua, eta haren atzetik joango dira, hurrenez hurren, Daniel Innerarity, Marta Guruciaga, Blanca Regulez eta Bixente Serrano. Horien ordezkariak Edurne Iribarren, Ana Isabel Martinez eta Jose Antonio Beloki izango dira.
Kataluniako egoera izan dute hizpide bai Uxue Barkosek, bai Koldo Martinezek. Azken horrek bat egin du Barkosekin, eta 2016an hasiko den legegintzaldia arrisku handikoa izango dela adierazi du, autogobernua ukitu nahiko dutelako. Haren ardatza, Estatuarekin dagoen hitzarmena, "ez da pribilegio bat, baizik eta sozialak izateko, aberastasuna eta enplegua sortzeko daukagun era", gaineratu du.