Politika -
Lan Eskaintza Publikoa
Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa baztertu du Nafarroako Parlamentuak
Lan Eskaintza Publikoa erretiratzea eskatu dio Gobernuari. Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak oposizioko alderdiekin bat egin dute eta, hala, aurrera atera dira UPNk eta PSNk aurkeztutako adierazpenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak Hezkuntza arlorako proposatutako 425 postuko Lan Eskaintza Publikoa baztertu du astelehen honetan Nafarroako Parlamentuak, eta proposamen hori erretiratzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak bat egin dute oposizioko alderdiekin (UPN, PSN eta PP), eta, horrenbestez, aurrera atera dira UPNk eta PSNk aurkeztutako adierazpenak. Geroa Baik eta EH Bilduk kontra bozkatu dute, eta gobernua osatzeko akordio programatikoa sinatu zuten beste bi alderdi horien jarrera deitoratu dute.
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Hezkuntza arloan 425 postuko Lan Eskaintza Publikoa egiteko proposamena aurkeztu zien Mahai Sektorialeko sindikatuei. Horren arabera, 2016an, 320 irakasle-plaza (228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz) eta 14 ikuskatzaile-plaza (7 euskaraz eta 7 gaztelaniaz) deitzeko asmoa du Foru Gobernuak. 2017an, berriz, Bigarren Hezkuntzako 91 irakasle plaza eskainiko ditu.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak esan duenez, "Gobernuak Funtzio Publikorako Mahaiari egin dion proposamena da, eta, beraz, sindikatuekin egingo den negoziazioaren baitan dago. Ez da behin betikoa".
Nafarroako Parlamentuak, UPNren adierazpena onartuta, proposamena erretiratzeko eta "euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako oreka" izango duen Lan Eskaintza Publikoa onartzeko eskaria egin dio Gobernuari.
Barkosek “kritika alderdikoiak” salatu ditu
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du ez duela ulertzen Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren kontra egiten diren kritika “politikoak” eta “alderdikoiak” eta azpimarratu du proposamena “irizpide teknikoetan” oinarritzen dela soilik.
“PAI programa aldatuz doa eta egun gaztelera soilik dakiten langileen kopurua gehiegizkoa da”, azaldu du Barkosek.
“Une honetan gaztelerazko lanpostuen beharrizana askoz txikiagoa da; bere garaian, ingelesa zekiten irakasleak kontratatzeko beharra zegoen eta, ondorioz, gazteleraz zekiten irakasleak kontratatzeari utzi behar izan zitzaion; baina orduan inork ez zuen ezer kritikatu, zergatik?”, galdetu du.
Barkosek adierazi du proposamena UPNren Gobernuak egindako txostenetan oinarritzen dela eta dokumentu horiek argi erakusten zutela PAI programaren ondorioz soilik gazteleraz dakiten irakasleen kopurua gehiegizkoa zela.
Nafarroako presidenteak aitortu du, lanpostu gehiago eskaini beharko liratekeela eta hala egingo dutela legegintzaldiak aurrera egiten duen heinean. Gauzak horrela, “kritika alderdikoiak” albo batean uzteko eta irizpide teknikoak soilik kontuan hartzeko eskatu du.
LAB: “Gezurretan oinarritutako kanpaina da”
Bestalde, LAB sindikatuak salatu du “alarma soziala pizteko asmoa duen gezurretan oinarritutako manipulazio kanpaina baten aurrean” aurkitzen garela.
“Alarma hori joan den ostiralean iragarri zuten Mahai Sektorialean”, esan du sindikatuak Afapna elkarteari eta CCOOri aipu eginez.
Plaza gehiago eskaini beharko liratekeela azpimarratu ostean, LABek ondokoa ekarri du gogora: “Kanpaina honen egileak ezkutatu egiten dute PAI programa eurek bultzatu zutela eta egun gaztelerazko plaza hutsik ez dagoela”.
“Gezurretan eta faltsukeriatan oinarritutako kanpaina honen atzean inoiz aitortzen ez duten helburua dago: euskararen normalizazioa saboteatzea”, erantsi dute.
“Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea urratzen duten bitartean, gizarteari ideia faltsu bat helarazten diote: gazteleraz soilik dakiten pertsonak baztertu egiten direla, hain zuzen”, kritikatu dute.