Politika -
Basagoitiren erreakzioak
Erregeari egindako txistuak, "30 urtez gorrotoa ereitearen emaitza"
EAEko PPko presidenteak gaitzetsi egin du saskibaloiko Errege Kopako finalean Espainiako Errege-erreginari txistu egin zietenen "zinismoa", gero haren aginduetara jartzen direlako.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, atzo Errege Kopako finalean, Barakaldon, Espainiako Errege-erreginei egindako txistuak "30 urtez hau Espainia ez dela esatearen eta gorrotoa ereitearen emaitza" dira.
Basagoitik txistu egin zietenen "zinismoa" gaitzetsi du, gero "bakarrik daudenean" haren aginduetara jartzen direlako. PPko agintariaren arabera, Eusko Jaurlaritza babesten duen gehiengo berriak agintaritzan "zenbait urte" ematen dituenean "amaituko da hau, Espainiari buruzko gezurrekin batera", eta "Espainiako Errege-erreginen hurrengo bisitan lasaitasun handiagoa izango da" gehitu du.
Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak ere adierazpenak egin ditu horren harian. Bilbon izandako konferentzia batean parte hartu ostean Xuntako presidenteak (PP) adierazi duenez, txistu egin zutenak "oso gutxi baina zaratatsuak" direla. Hala ere, Galiziako PPko buruaren hitzetan, "EAEn gehiengoak instituzioak errespetatzen ditu".