Politika -

Auzitegi Gorena

Eloy Velascoren aurkako kereila aurkeztu dute euskal presoen abokatuek

Prebarikazioa eta legez kanpoko atxiloketa leporatzen diote Auzitegi Nazionaleko epaileari.

Jone Goirizelaia. Argazkia: EiTB
Jone Goirizelaia. Argazkia: EiTB
ETAko presoen abokatuek Eloy Velascoren aurkako kereila aurkeztu dute

0:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen abokatuen kontrako auzibidean inputatuta dauden abokatuek kereila kriminala aurkeztu dute Auzitegi Gorenean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka, prebarikazio eta legez kanpoko atxiloketa delituak egotzita.

Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon abokatuek gaur Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan iragarri dutenez, urriaren 22an aurkeztu zuten kereila Auzitegi Gorenean. Horien esanetan, dagoeneko instrukzioko epailea izendatu dute, fiskalari ere helarazi diote eta ebazpenaren zain daude.

Eloy Velasco epaileak iruzur fiskala eta kapitala zuritzea egotzi die aipaturiko abokatuei, besteak beste, 2012 eta 2013 urteei dagokien BEZ zergan 270.000 euroko iruzurra egitea. Horren aurrean, eta delitu horiek faltsuak direla argudiatuta, Velascoren kontrako prebarikazio delitua aurkeztu dute Jake eta Mate operazioetan atxilotutako hamalau abokatuek. Goirizelaiaren eta Zenonen hitzetan, aipaturiko abokatuek ez dute inolako zorrik eta BEZ zergak eta kontribuzioak eguneratuta dituzte. Are gehiago, Gorizelaiak esan du abokatu horien BEZ zergaren eta Sozietate Zergen inguruko dokumentazioa helarazi dietela Guardia Zibilari eta justiziari, baina ez dutela dokumentazioa begiratu ere egin.

Gainera, Auzitegi Gorenari frogak eskatu dizkiote eta euskal ogasunei, berriz, deliturik ez dagoela egiaztatzen duten txostenak bidaltzeko.

Bestalde, legez kanpoko atxiloketa ere egozten diote Eloy Velascori. Goirizelaiaren eta Zenonen hitzetan, abokatuak Justiziaren esanetara zeuden, prozeduran agertu ziren eta deitzen zituztenean epailearen aurrean agertzeko borondatea agertu zuten. Beraz, "ez zegoen horiek atxilotzeko inolako beharrik".

Jake eta Mate operazioen baitan, hamalau abokatu atxilotu zituzten; horietatik hamabi aske daude behin-behineko karguekin eta Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, berriz, kartzelan daude.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena argazkiak Presoak bideoak Gaurko azken ordukoa