Politika -

Katalunia

Junts Pel Siren proposamen orokor bat batzarrera eramango luke CUPek

CUPen lehentasuna akordio orokor bat lortzea da, katalanen arazo sozialei aurre egiteko plana eta independentzia lortzeko urratsak zehaztuko dituen bide-orria bilduko dituena.

CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
CUPeko diputatuen agerraldia Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPek esan du Junts Pel Sik legegintzaldi berrirako proposamen orokor bat eginez gero, prest egongo litzatekeela dokumentu hori euren militantziarekin eztabaidatzeko eta bozkatzeko.

CUPek datozen egunetan egingo ditu lurraldez lurralde batzarrak. Junts Pel Siren balizko proposamena aste honetan jasoz gero, Kataluniako Gobernu berria osatzeko negoziazioak bultzada berria jasoko luke.

CUPeko hamar diputatuek, David Fernandez parlamentari ohiak lagunduta, agerraldia egin dute gaur Kataluniako Parlamentuan, eta “presioa” eta “xantaia” egitea leporatu diete CDCko sektore batzuei, Artur Masen inbestidura babestu ez zutelako.

Alabaina, eta CDC gogor kritikatu arren, CUPen bozeramaileak ez dute ezezko argirik eman Masen hautagaitzaren alde egiteko aukeraz galdetuta.

CUPen helburua Artur Masen inguruko eztabaida albo batean uztea da, bere lehentasuna akordio orokor batera heltzea delako, hau da, Kataluniako gobernu berriaren programaren edukiak eta prozesu independentista atzeraezin bilakatzeko bermeak adostu nahi dute.

CDCko kide batzuek “zarata” atera arren, Junts Pel Sirekin negoziatzen jarraitzen dutela azpimarratu dute, eta, beraz, akordio bat lortzea posible dela erantsi dute.

Artur Masek, Oriol Junquerasek nahiz Francesc Homsek ere adierazpen baikorrak egin zituzten atzo, eta abenduaren 4rako, hauteskunde orokorretako kanpaina hasten denerako, akordioa lortzea posible dela iritzi zioten.

Raul Romeva Junts Pel Siko zerrendaburuak ere antzeko adierazpenak egin ditu gaur, eta akordioa adostea ezinbestekoa dela esan du. “Garailerik eta galtzailerik gabeko akordio bat behar dugu”, gaineratu du.

Hori horrela, bi aldeek argi dute akordio orokor bat adostu beharko dutela aurretik, Kataluniako Gobernua osatu ahal izateko, ondoren.

CUPek katalanen arazo sozialei aurre egiteko plana eta independentzia lortzeko urratsak zehaztuko dituen bide-orria bilduko dituen ituna nahi du. Hori lortuz gero, zaila izango du Masen inbestidurari ezetz esatea berriro.

Balizko akordio hori edo Junts Pel Sik egin lezakeen proposamen orokorra batzar nazional ireki batera eramango lukete. CUPek azaroaren 29an batzar informatibo bat egingo du, militantziari negoziazioen berri emateko, baina proposamen zehatzen bat egonez gero, batzar nazionala deituko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas