Politika -
Auzitegi Nazionala
Burlatako alkatea deklaratzera deitu dute, terrorismoa goratzeagatik
Horrez gain, beste hiru herritarrek ere deklaratu beharko dute. Inputazioaren arrazoia zein den jakinarazi ez dietela salatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txema Noval Burlatako alkatea eta beste hiru herritar deklaratzera deitu ditu Auzitegi Nazionalak, terrorismoa goratzea egotzita.
Inputatuetako batek, Itxaso Torregrosak, agerraldia egin du herri mugimenduetako ordezkariak lagunduta. Torregrosak salatu du oraindik ez dietela zehaztu zein de akusazioa, baina abuztuaren 14an, herriko festetan, euskal presoen alde antolatutako ekimen baten ondorio dela uste dute.
“Izan ere, bosgarren aldia da gauza beragatik deklaratzera deitzen gaituztela”, azpimarratu du. Era berean, bosgarren aldiz auzia artxibatu egingo dutenaren itxaropena agertu du.
Presoen aldeko ekimen hori herritarrek antolatzen dutela hainbat urtetan egin dela azaldu dute. Gainera, “eskandalagarria da Udala kriminalizatu nahi izatea, ekimen hori diruz laguntzen ez duenean eta antolaketan parte hartzen ez duenean”.
Amaitzeko, elkartasuna adieraztea delitua ez dela nabarmendu dute.