Politika -

‘Bateragune auzia’

Estrasburgok gaur erabakiko du Otegi aske utzi ala ez

Arrazoia ematen badio, hilabete batzuk lehenago aterako litzateke Arnaldo Otegi kartzelatik; izan ere, ezarri zioten sei urteko espetxe-zigorra datorren udaberrian beteko du.

Arnaldo Otegiren irudia pankarta batean. Artxiboko irudia: EFE
Arnaldo Otegiren irudia pankarta batean. Artxiboko irudia: EFE
Arnaldo Otegiren irudia pankarta batean. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur erabakiko du Arnaldo Otegi kartzelatik atera behar den edo ez. Ezker abertzaleko buruzagi ohia espetxean dago 2009az geroztik, 'Bateragune auzia'ren baitan. "ETAren agindupean Batasuna berreraikitzen saiatzea" leporatu zioten.

Estrasburgoko Auzitegiak arrazoia ematen badio, hilabete batzuk lehenago aterako litzateke Otegi kartzelatik; izan ere, ezarri zioten sei urteko espetxe-zigorra datorren udaberrian beteko du.

Jone Goirizelaia abokatuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren aurka, Arnaldo Otegiren eta dagoeneko kalean dauden gainerako hiru zigortuen (Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta) oinarrizko eskubideak (epaiketa inpartziala izateko eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa) urratu zirela argudiatuta.

Auzitegi Nazionalak, erakunde terroristako kide izatea leporatuta, hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zion Otegiri. Auzitegi Gorenak hamar urtetik seira jaitsi zuen zigorra, buruzagi bezala epaitu behar ez zela ondorioztatuta. Defentsak helegitea aurkeztu zuen eta Auzitegi Konstituzionalak, zatituta (zazpi epailek alde bozkatu zuten eta bostek aurka), zigorra berretsi zuen.

Hauteskunde mahai bateko presidente

Bestalde, Otegiri abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan bozketa mahai bateko presidente izatea egokitu zaio, semeak kudeatzen duen Twitter profiletik iragarri dutenez.

"Hauteskunde mahaian lehendakari izatea egokitu zait. Espetxetik txiokatzea tira, baina hori...", adierazi du Otegiren Twitter profilak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Politika albisteak Presoak ETA gaur Eguneko albisteak