Politika -
Autodeterminazioa
Kataluniako prozesuari errespetua azaldu dio Legebiltzarrak
Kataluniako Parlamentuak abiatutako "prozesu politiko eta demokratikoa"ri aitortza eta errespetua azaltzen dion adierazpena onartu dute EAJk eta EH Bilduk.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak errespetua eta aitortza azaldu du ostegun honetan Kataluniako Parlamentuak abiatutako "prozesu politiko eta demokratikoa"rekiko, "Kataluniako herriaren gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpena" dela ulertu baitu.
Kataluniak hautatutako bideari babesa erakusteko euren botoak batu dituzte EAJk eta EH Bilduk, Euskadin jarraitu beharreko estrategian bat egin ez badute ere.
Koalizio abertzaleak aurkeztutako ekimen bat harira egin dute eztabaida osoko bilkuran. "Kataluniako Estatuarekiko deskonexio prozesua jarraitzeko" batzorde parlamentarioa osatzea proposatu du EH Bilduk mozioan, baina gainerako taldeek kontra bozkatu dutenez eta EAJk zuri bozkatu duenez, ez du behar zuen gehiengoa lortu. PSEk eta UPyDk aurkeztutako zuzenketak ere ez dira aurrera atera.
Azkenean, EAJk aurkeztutako zuzenketaren zati bat onartu du Legebiltzarrak. Bertan, Kataluniako Parlamentuak abiatutako "prozesu politiko eta demokratikoa"rekiko errespetu eta aitortza azaldu du Legebiltzarrak, "bere etorkizun politikoa erabakitzeko bidean, Kataluniako herriaren gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpena" dela ulertuta
Zuzenketaren bigarren puntua, Kataluniako erakundeek eta Espainiako Gobernuak "akordioa lortzeko" negoziatzen jarraitzearen aldeko jarrera agertzen zuena, baztertu egin dute EAJ ez beste taldeek.
Taldeen adierazpenak
"Autodeterminaziorako bidean urratsak emateko" deia egin dio Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri. Arraizen hitzetan, ez da harritzekoa Masek "Estatu eredua aldatzeko Urkulluk egindako proposamena baztertu izana". Buruzagi abertzaleak argudiatu duenez, "Estatuaren baitan ezin da aldaketa politikorik egin: Aldatzeko bertatik atera beharra dago", defendatu du.
Arraiz, bere agerraldian. EFE
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak nabarmendu duenez, alderdi jeltzaleak "Euskal Herria erabat subiranoa" izatea nahi du, baina "ezin gara helburu hori lortzen bidean galdu". Horrenbestez, EH Bilduri zuzendu zaio "bide zaharrak itxi, eta bide berriak zabaldu ahal izateko".
Jose Antonio Pastor sozialistaren irudiko, ezker abertzaleko kideak "progre jantziekin dabiltza, baina sinestun zaharrak dira"; izan ere, horien ustez, "euskal estatu batekin arazo guztiak amaitu dira", baina horiek "identitatearen bidetik bakarrik" konpontzen saiatzeak "porrota, frustrazioa eta haustura soziala eragingo dute".
Borja Semper PPko eledunari "harrigarria" iruditzen zaio EAJk Kataluniako prozesua babestea. Haren ustean, prozesu honek "arbuioa eta bazterketa politikoa" baino ez du merezi, Katalunia "amildegiaren hegian ipini baitu".
Gorka Maneirok (UPyD) defendatu duenez, Espainiako Gobernuak hainbat politikari katalanen kontrako zigor auzia abiatu beharko luke eta "demokrazia Legearen bitartez berrezarri".