Politika -
Erbestea
170.000 pertsonak egin dute ihes Euskal Herritik 1936tik
Euskal Memoria fundazioak iheslariei buruzko ikerketa bat aurkeztu du.
eitb.eus
Euskal Memoria Fundazioak Iheslariak. Euskal Erbestea (1936-2015) lana aurkeztu du gaur. Iñaki Egaña historialariak egin du, eta, horrela, kolektibo hori "aitortzeko" eta horien istorioak ezagutzeko pausoa eman du.
Ikerketa horren arabera, 1936ko gerran 151.000 euskal herritarrek ihes egin behar izan zuten aberritik, hau da, biztanleen % 15ek. "Horrek erakusten du tragediaren tamaina", adierazi du Egañak.
Era berean, iheslarien kopurua 12.000koa izan zen 1939tik 1960ra, eta 3.000koa azken 50 urteetan.
Ikerketaren egilearen esanetan, Euskal Herria "herri migratzailea" da, eta iheslari gehienek arrazoi politikoengatik egin zuten alde.
Txostenaren aurkezpen ekitaldian hainbat pertsonak hartu dute parte, tartean Eugenio Etxebeste Antton ETAko buruzagi ohi historikoak.
Etxebestek kritikatu du ETAko iheslariei ez zaiela inoiz aitortu "errefuxiatu politiko" izaera.
Halaber, erbestea "nazio askapenaren borrokaren funtsezko protagonista" izan dela esan du.