Politika -

Gipuzkoan atxilotuak

Azken atxilotuen abokatuek inkomunikazioa deuseztatzea eskatu dute

jakinarazi dutenez, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketa abiatu du "tratu txarrak" izan ote diren jakiteko, izan ere, Jose Camacho ospitaleratu egin behar izan zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan astean ETAko kide izatea edo laguntzaile izatea leporatuta Gipuzkoan atxilotu zituzten lau lagunen abokatuek, Arantxa Apariciok eta Haritz Escuderok, "inkomunikazio erregimena" salatu dute eta "inpunitate espazio hori deuseztatzeko" eskaria egin dute.

Hernanin emandako prentsaurrekoan Apariciok eta Escuderok agertu dutenez, Jose Camacho, Euri Albizu, Josune Balda eta Juan Mari Mariezkurrenaren (Ibai Beobide ETAko ustezko kideari ezkutatzea leporatuta atxilotu zituzten) defentsa lana "mugatuta eta baldintzatuta egon da Auzitegi Nazionalak agindutako inkomunikazioagatik".

Apariciok azaldu du berak eta Escuderok "tortura saihesteko nazioarteko erakundeek aholkatutako zenbait neurriren aplikazioa" eskatu zutela, "NBEren torturaren kontrako errelatoreak egindakoak hain zuzen". "Senideei atxilotuen egoeraren berri ematea, galdeketak bideoz grabatzea eta konfiantzako medikuak artatzea" omen dira neurri horietako nagusiak.

Hala ere, "Auzitegi Nazionalak neurri horiek aplikatu beharrean eskariari erantzun ere ez" diola egin gaitzetsi dute abokatuek. "Inkomunikatuta egon diren bitartean ez dugu auziari buruzko informaziorik jaso, baina hedabideetan zenbait informazio filtratu dira", abokatuek jakinarazi dutenez.

Gainera, "inkomunikazioa altxatuta" abokatuek "atxilotuek jasan dituzten kolpeak, mehatxuak eta sexu-umiliazioak" egiaztatu omen dituzte, eta Jose Camacho ospitalera eraman behar izan zuten tratu txar horiek medio.

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak "tratu txarrengatik" ikerketa abiatu duela ere jakinarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea