Politika -

Nafarroako Eguna 2015

Jose Maria Jimeno Juriori, Nafarroako Urrezko Domina

Hil osteko saria Nafarroako etnografo eta historialari ematea erabaki zuen Foru Gobernuak, eta gaur eman dio familiari, Nafarroako Eguna ospatzeko aukeratu duten egun berean.

Ekitaldi zibila, Nafarroaren eguna ospatzeko

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bezala, Nafarroako Urrezko Domina emateko ekitaldia izan da Nafarroako Egunaren hitzordu nagusia. Aurten, Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta etnografoa nabarmendu nahi izan du Foru Gobernuak, hil osteko saria emanez. Haren senideek jaso dute domina, "Nafarroako kulturari lan historikoen, etnografikoen eta toponimikoen bitartez egin zuen ekarpenarengatik".

Ekitaldi instituzionalak, baina, apur bat lehenago hasi dira, eta berrikuntza batekin hasi ere. Aldaketaren aldeko gobernuak Nafarroako Erresuma omendu nahi izan du, eta horretarako oroimen eta aintzatespen ekitaldia antolatu du Nafarroako Errege Artxibo Nagusian (Nafarroako errege-erreginen jauregia izan zena), Iruñean. Hala, Foru erkidegoko agintariek lore-eskaintza egin dute Nafarroako Erresuma aintzat hartzeko paratutako plaka ondoan.

Han izan dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, eta Iruñeko, Tuterako, Lizarrako, Zangozako eta Erriberriko alkateak. Aurrez, gaitero, txistulari eta dantzariek erakustaldia eskaini dute.

Eguerdian, berriz, 2015eko Urrezko Domina eman die Barkosek Elena Aranguren Jimeno Jurioren alargunari eta Roldan Jimeno semeari.

Beste ekitaldi kultural batzuk

12:30ean, Nazioen Jaialdia egin dute Burlatako Kultur Etxean. Hainbat herrialdetako folklore taldeen erakustaldia izan da bertan, Ekuador, Nikaragua, Errusia, Kolonbia, Bolivia, Nigeria, Peru eta Aljeriatik etorritako taldeena, besteak beste.

13:00etan, Nafarroako abesbatza eta musika-bandek 87 kontzertu eskainiko dituzte Nafarroako hainbat herritan. Nafarroako himnoarekin ekin diete denek ikuskizunari. Guztira, 3.284 artista aritu dira kantuan edo musika jotzen.

20:00etan, azkenik, Iruñeko Orfeoiaren kontzertua izango da Baluarten. Aurten 50. urte betetzen ditu orfeoiak, eta, hori dela eta, oroitzapenezko kontzertua prestatu dute abenduaren 3 honetarako: 100 bat orfeoilari ohik hartuko dute parte bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos bideoak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua