Politika -
Auzitegi Nazionala
ETAko lau kide epaituko dituzte, Aznar hiltzen saiatu izana egotzita
Fiskalaren esanetan, 2001ean hiru aldiz saiatu ziren Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidentea zenaren kontrako atentatua egiten, misil-jaurtigailu bat erabilita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak ETAko lau kide epaituko ditu gaurtik aurrera, 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidentea zena hiru aldiz hiltzen saiatu izana leporatuta.
Akusatuen eserlekuan, Luis Ignacio Iruretagoiena ETAko buruzagi izandakoa egongo da, Frantziak estraditatu ostean. Fiskaltzak 72 urteko espetxe-zigorra eskatzen du berarentzat.
Gainerako auzipetuak Pedro Mari Olano Zabala, Gregorio Jimenez Morales eta Juan Mari Mugika Dorronsoro dira; fiskalak 71 urteko kartzela-zigorra eskatu du hirurentzat. Lau akusatuei talde armatuko kide izatea, hilketa saiakera eta armak gordetzea leporatzen diete.
Fiskalaren arabera, ETAk Jose Maria Aznar hiltzea agindu zuen 2001ean, hauteskunde-kanpaina zela eta, orduko Espainiako Gobernuko presidenteak Euskal Autonomia Erkidegora egingo zituen bidaiak baliatuta. Alabaina, atentatua egiteko erabili behar zuten misil-jaurtigailuak huts egin zuen.
Misil-jaurtigailua hilabete batzuk lehenago eskuratu zuten Frantzian, eta etxe abandonatu batean, Lizartzan, izan zuten gordeta.