Politika -

Erreakzioak

Alderdi politikoek Patxi Lopezen Gobernuaren balantzea egin dute

Urkulluren ustez, "gezurraren Gobernuak" urte bat bete du gaur. Jeltzaleek hauteskundeetako emaitzak "barneratu ez dituztela" azpimarratu du Jose Antonio Pastorrek (PSE).

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian egin dituzten azken atxiloketak Patxi Lopezen Gobernuaren lehen urteurrena ospatzeko "berririk hoberena" direla nabarmendu du gaur Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Bere hitzetan, azken bi hilabeteetan egindako 32 atxiloketak ETAren biktimentzat "omenaldirik hoberena" dira.

Iñigo Urkullu EAJko presidentearen ustez, gaur, "gezurraren Gobernuak" urte bat bete du. Hauteskunde kanpainan Patxi Lopezek "hainbatetan" PPrekin ez zuela akordiorik sinatuko esan zuela gogoratu du gaur jeltzaleen buruak.

Jose Antonio Pastorrek (PSE), berriz, 12 hilabete pasa direnean, EAJk iazko hauteskundeetako emaitzak ez dituela barneratu nabarmendu du. "Inongo babesik lortzea ez zuten lortu", gaineratu du.

PPren eta PSEren arteko akordioak "osasun oso ona" du, Alfonso Alonso Arabako PPren presidentearen esanetan. Aldaketa finkatzeko ituna epe luzera mantentzea garrantzitsua izango litzatekeela nabarmendu du.

"Gobernu zalantzatia eta motela da, eta helburu argirik ez du", Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak azpimarratu duenez. "Beti zalantza izan duen Gobernua da, eta bere burua zuzentzera heldu da", adierazi du. Gainera, programarik gabe jarraitzen du, "PPk lotuta duelako", erantsi du.

"EAEko hiriburua Madrilen dela ospatzen dugu gaur", esan du Eusko Alkartasunak, izan ere, Jaurlaritza "Espainiako Gobernuaren ordezkaritza bihurtu da, bere erabakiak eta euskal herritarren interesak Estatuaren interesen menpe direlako".

Mikel Arana Ezker Batuako koordinatzaile nagusiaren hitzetan, PSEk eta PPk krisi ekonomikoari aurre egiteko "urtebete galdu" dute. Bi alderdien arteko ituna "identitate elementuen defentsan oinarritzen da, euskal herritarren arazo errealei aurre egin beharrean", Aranaren ahotan.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen arabera, "aldaketan sinesten zuten herritarrak itxaropena galtzen hasi dira" lehendakariaren "txepelkeria dela-eta". Era berean, Lopezek "nazionalismoari beldurra" diola esan du Maneirok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea