Politika -
Polo soberanista
Ezker abertzalearekin "zorrotza" izateko eskatu dio Aresek EAri
Aresek uste du ezker abertzalean badagoela "politika egin nahi duen jendea", baina datozen hauteskundeetan parte hartu ahal izateko ETAren inguruan erabaki bat hartu beharko dutela esan du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ohartarazi duenez, bere eskuetan dagoen "guztia" egingo du, "abertzale erradikalak hauteskundeetan egon ez daitezen", baldin eta ETAri dagokionez erabaki bat hartzen ez badute.
Horrez gain, Eusko Alkartasuna eta balizko polo soberanista bat eratu nahi duten gainerako eragileak ezker abertzalearekin "zorrotzak" izango direla, "iragana errepikatu ez dadin".
Europa Pressi eskainitako elkarrizketa batean, Aresek esan du bat datorrela Jesus Eguiguren PSEko presidentearen iritziarekin eta, ondorioz, ezker abertzalean "politika egin nahi duen jendea" egon badagoela eta "ETA desagertzea" nahi dutela adierazi du.
Alabaina, "mundu horrek politika egin nahi badu, erabakiak hartu behar ditu: ETAri behin betiko desagertzea eskatu edo ETArengandik banandu eta politika joko-arauak, giza-eskubideak eta legeak errespetatuta egin".
Horrez gain, Herrizaingo sailburuak azpimarratu du ETAren borondatea atentatuak egiten jarraitzea dela. "Ertzaintzak terrorismoaren kontra egin du lan, terrorismoaren kontra ari da lanean, eta terrorismoaren kontra segituko du etorkizunean". Gauzak horrela, "terroristak eta haiei babesa ematen dietenak atxilotzen jarraituko du", erantsi du.
Ildo horretan, Ertzaintzaren helburuetako bat erakunde armatuaren "harrobia moztea" dela azaldu du.