Politika -

Hauteskundeak Frantzian

Frantziarren % 50,54k bozkatu dute 17:00ak arte

Fronte Nazionalak eskualderen batean irabaztea lortuko ote duen da zalantza nagusia. Sozialistek zerrendak erretiratu eta eskuinaren aldeko botoa eskatu dute irabazteko aukerarik ez duten tokietan.

Marine Le Pen, eskualde-hauteskundeetako bigarren itzulian. Argazkia: EFE
Marine Le Pen, eskualde-hauteskundeetako bigarren itzulian. Argazkia: EFE
Marine Le Pen, eskualde-hauteskundeetako bigarren itzulian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arratsaldeko bostetan parte-hartzea % 50,54koa zen Frantziako eskualde hauteskundeetako bigarren itzulian, aurreko igandean ordu berean baino 7,5 puntu handiagoa eta duela bost urteko bozetan baino 7,07 handiagoa, Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera.

Eguerdirako dagoeneko frantziarren % 19,59 igaro da hautetsontzietatik (11:00 GMT) herrialdean egiten ari diren eskualde hauteskundeen bigarren itzulian. Horrenbestez, aurreko igandean baino ehuneko lau puntu gehiago dira. 2010eko eskualde-hauteskundeetako bigarren itzuliarekin alderatu ere igoera eman da, urte hartan % 18,57k eman baitzuen bozka ordu horretarako.

Inkestek parte-hartzeak bigarren itzulian gora egingo zuela aurreikusten zuten, lehendabizikoan abstentzioa ia % 50ekoa izan ostean.

Tradizionalki bigarren itzulian beti izan ohi da parte-hartze gehiago, baina inkesten arabera oraingo honetan areagotze hori nabarmenagoa izango da, Fronte Nazionala alderdi ultraeskuindarraren gorakadaren aurrean, historian aurreneko aldiz eskualderen bat eskuratzeko egokieran baitago.

2010ean, bi itzulien arteko igoera bost puntukoa izan zen, eta bigarren txandan % 51,2ko parte-hartzera iritsi ziren.

Bigarren itzulia

Eskualde hauteskundeetako bigarren itzulia dute gaur Frantzian. Lehen itzulian, abenduaren 6an, Marine Le Pen buru duen eskuin muturreko Fronte Nazionala izan zen alderdi bozkatuena, botoen % 29,1 eskuratuta, tradizioz Frantzian nagusi izan diren kontserbadoreen eta sozialisten aurretik.

Dena den, Fronte Nazionalak ez du eskualde bakar batean ere garaipena ziurtatuta. Urtarriletik aurrera 13 eskualdetan banatuko da Frantzia eta gaur erregio horietako gobernuak aukeratu behar dituzte frantziarrek. Fronte Nazionala alderdi bozkatuena izan zen lehen itzulian 13 eskualdetatik 6tan, baina sozialisten estrategiak eskuin muturraren arrakasta eragotzi dezake.

Alderdi Sozialistak haren hautagaiak erretiratu ditu eta Nicolas Sarkozyren eskuinaren eta haren aliatuen aldeko botoa eskatu du irabazteko aukerarik ez duen tokietan, Fronte Nazionalari aginterako bide ixteko. Hala, Nord-Pas-de-Calais-Pikardia eta Provence-Alpes-Côte d'Azur eskualdeetan; hurrenez hurren, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko burua eta haren iloba Marion Marechal-Le Pen aurkezten diren tokietan, Xavier Bertrand eta Christian Estrosi hautagaien aldeko bozka eskatu du Alderdi Sozialistak.

Hasiera batean, Fronte Nazionalaren garaipena iragartzen zuten hiru eskualdetan, aitzitik, kontrakoa diote azken inkestek. Dena den, inkestak ez dituzte eskualde guztietan egin eta horietako askok diferentzia txikiak iragartzen dituzte, bereziki, hego ekialdeko eskualdean.

Fronte Nazionalak ez du inoiz agindu gisa horretako administrazio batean eta hori lortzea du helburu. Sarkozyren alderdiak ez zituen esperotako emaitzak izan lehen itzulian eta horrek presidente ohiaren irudia ahuldu du alderdi barruan. Ikusteke dago kontserbadoreek zenbat eskualdetan nagusituko diren, eta emaitzek Sarkozyren alderdi barruko boterean eragina izan dezakete. Bestalde, gaur egun 22 eskualdeetatik 21etan agintzen duten sozialistek aginte esparrua galduko dute.

Goizeko zortzietan zabaldu dituzte hauteslekuak Frantzian eta lurralderik gehienean arratsaldeko seiak arte irekita egongo dira; alabaina, zazpietan itxiko dituzte tamaina handiagoko udalerrietan eta zortzietan, berriz, hiri handietan.

Ordu horretan ezagutaraziko dira hauteslekuetan egindako lehen inkestak ere. Horrekin batera, udalerri txikietako lehen datuak ere jakingo dira.

Guztira, 45 milioi herritar daude botoa ematera deituta eskualdeetako kontseiluak aukeratzeko. Aipaturiko erakundeek eskumenak dituzte ekonomia, azpiegitura, lanbide heziketa eta bigarren hezkuntza alorretan.

Hauteskundeak Iparraldean

Ipar Euskal Herrian botoa emateko eskubidea duten 250.000 herritarrek ere eskualdeko kontseilu berria aukeratu beharko dute. Lurralde erreformaren ondoren Iparraldeak, Biarnok, Poitou-Charentesek eta Limousinek osatuko dute Akitaniako erregioa.

Erregio berriak 6 milioi biztanle inguru izango ditu eta haren azalera Austriaren parekoa izango da. Aldaketak aldaketa, ordea, Bordele izango da hiriburua.

Bordelen sozialistek agindu dute azken sei urteetan berdeen laguntzarekin eta, itxura guztien arabera, Alain Rousset sozialista izango da berriz ere presidente. Boto-emaileek hiru hautagairen artean aukeratu beharko dute: Alain Rousset sozialista, Virginie Calmels kontserbadorea eta Fronte Nazionaleko Jacques Colombier.

Bigarren itzulira begira, sozialistek berdeekin akordioa egin dute eta elkarrekin zerrenda osatu dute. Halaber, komunistek ere horien aldeko botoa eskatu dute. Bestalde, zentro-eskuinak Jean-Rene Etchegarayren babesa lortu du bigarren itzulirako.

Lehen itzulian, abstentzioa % 50etik gorakoa zen eta gaur parte-hartzea handiagoa izatea espero da. Hala, arratsaldeko bostetan Ipar Euskal Herria eta Biarno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoak departamenduan parte-hartzea 46,89koa zen, lehen itzulian ordu berean baino bost puntu handiagoa (% 41,46).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iparraldea Frantzia Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak Gaurko azken ordukoa